kultura
Smithsonian Folklife Festival
Euskal kultura eta gastronomia AEBn ikusgai, turistak erakartzeko
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek lurraldeak turistak erakartzeko duen ahalmena erakutsi eta merkataritza harremanak sustatuko dituzte Smithsonian Folklife jaialdian, Washington hirian.
Euskal kultura eta gastronomiak toki esanguratsua hartuko dute aurten Smithsonian Folklife Festival jaialdian, Washington AEBko hiriburuan. Han, euskal herri tradizional bat irudikatuko dute, frontoi, portu, baserri eta guzti, turistak erakarri eta merkataritza harremanak sustatzeko asmoz.
Nazioarte mailako ekitaldia National Mall zabalgunean ospatzen dute urtero, 12.000 metro koadroko zabalgune batean, aire librean, eta ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era izango da aurten. Milioi bat bisitari bertaratzen dira urtero jaialdira, eta Euskadik leihoa irekiko die oraingoan.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusien ustez, aukera oso ona izango da “Euskadiren tradizioa eta modernotasuna” ezagutarazteko, eta, ondorioz, 1,2 milioi euro bideratuko dituzte aurrekontu publikoetatik eginahal horretan.
“Basque: Innovation by Culture” lelopean egingo dituzte ekimen horiek guztiak gaur goizean aurkeztu dituzte Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak, Lorea Bilbao eta Igone Martinez de Luna Bizkaiko eta Arabako Kultura diputatuek eta Imanol Lasa Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak.
Landa, itsasoa eta gastronomia
Euskadiren espazioan, euskal herri tradizional bat irudikatuko dute. Han, besteak beste, baserri bat paratuko dute, eta artisautza erakustaldiak egingo dituzte: abarketak eta ehunak nola josten diren erakutsiko dute, Idiazabal gazta egiteko prozesuari buruzko erakustaldiak egongo dira eta Añanako bailaran gatza lantzeko modua ere azalduko dute, berbarako.
Beste eremu batean, portuetako eguneroko jarduna erakutsiko dute: itsas kirolak eta traineru estropada tradizionalen edo itsasoko produktuekin zerikusia duen euskal industriaren berri jasoko dute. Halaber, historian zehar euskal emakumeek portuetako lanbideetan egindako lana aldarrikatuko da, hala nola saregileena edota zirgariena.
Washingtonen eraikitako euskal herriaren bihotzean, plaza eta frontoia ere egongo da, plaza publiko moduko bat. Hausnarketarako, kirolerako, dantza egiteko eta musikarako topalekutzat aurkeztu dute proiektuaren arduradunek espazio hori.
Gastronomiak ere txoko nabarmena izango du herrian, noski. Bisitariek euskal sukaldaritza moderno eta tradizionala ezagutu ahal izango dituzte, eta pintxoak eta beste zenbait errezeta egiten ikasiko dute, txakolina eta Arabako Errioxako ardoa edaten duten bitartean betiere.
Euskal kooperatiben ereduaren edo industria jardueraren berri ere zabalduko dute Smithsonian Foklife Festivalen, eta euskara eskolak emango dituzte. Halaber, euskal erakundeen ordezkariak New Yorkeko, Washintongo eta Kaliforniako kazetari eta bidaia-antolatzaileekin bilduko dira, sareak estutzearren.
Turismo sailburuordeak emandako datuen arabera, 2011 eta 2015 urteen artean, % 45 hazi da EAEra etorritako estatubatuarren kopurua. Frantziarrak eta Erresuma Batuko biztanleak soilik etortzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara estatubatuarrak baino gehiago.