kultura
Gertutik
Sarea betetzeko hitzordua
Xabier Larrazabal | EITB
Wikipediako euskal komunitateak egingo duen lehen wikimaratoia izango da uztailaren 9an Donostian egingo dena
Duela urte pare bat sortu ziren wikimaratoiak: “Wikilariak batzen dira, gai bat aukeratzen dute eta wikipedia gai horri buruzko artikulu berriz betetzen dute”, azaldu du Xabi Cañasek, uztailaren 9an Donostian egin behar den wikimaratoiaren antolakuntza taldeko kideak. Euskal komunitateak egingo duen lehen wikimaratoia izango omen da.
San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean uda osoan zehar bisitatu daitekeen Bake Itunak erakusketa izango da Donostian bilduko diren wikilariek jorratu beharko duten gaia. “Erakusketako 30 artelan esaguratsuenak aukeratu ditugu eta gure helburua wikipediara 30 lan horien inguruko artikuluak 30 hizkuntza ezberdinetan igotzea da”, dio Xabi Cañasek. Baina gehitu du: “Euskerazko 30 sarrerak bakarrik lortzea ere, oso ondo legoke”.
Iragarri dutenaren arabera, Frantzia, Espainia, Katalunia, Galizia edota Maltako wikilariek hartuko dute parte Zuloaga plazan egingo den wikimaratoiean, baina antolakuntzakoek argi utzi dute deialdia edonorentzako dela irekia, wikipediaz zerbait jakitea besterik ez dela behar. Zuloaga plazara hurbiltzen denak, hori bai, bere ordenagailua edo tableta eraman beharko du lan egiteko. Artikulu berriak sortzeko, han aurkituko ditu Bake Itunak erakusketako 30 lanen inguruko liburuak eta interneterako sarbidea. Bestalde, dagoeneko existitzen diren artikuluak bere hizkuntzara itzuli ahal izango ditu nahi duenak.
Wikimaratoia uztailaren 9an goizeko 11etan hasiko da eta iluntzea arte luzatuko da Donostiako Zuloaga plazan.