kultura
Heriotza
Emma Cohen Kataluniako aktorea hil da
Agentziak | Erredakzioa
69 urteko aktorea Fernando Fernan Gomezen alarguna zen. Madrilgo etxean hil da, azken zortzi hilabeteak “gaixotasun luze baten aurka borrokan” eman ondoren.
-
Emma Cohen aktorea, zinema zuzendaria eta idazlea. Argazkia: EFE
Emma Cohen aktore, zinema zuzendari eta idazlea hil da bart Madrilen, 69 urte zituela. Bartzelonako aktoreak gaixotasun luze bati egin behar izan dio aurre, Jesus Cimarro enpresaburu eta lagunak jakitera eman duenez.
Cohen Fernando Fernan Gomezen alarguna zen. Madrilgo etxean hil da, 22:00ak aldera, azken zortzi hilabeteak “gaixotasun luze baten aurka borrokan” eman ondoren, Cimarroren arabera.
Aktoreak ez zuen hileta-elizkizun publikorik nahi; beraz, lur-ematea “erabateko intimitatean” egingo dute.
Emmanuela Beltran Raholak (hori zuen benetako izena) urteak zeramatzan erretiroa hartuta. Antzerkian egin zuen debuta, baina zinemak eman zion arrakasta.
“Garaiko emakumerik lirainetarikoa izan zen, eta horregatik Fernando Fernan Gomezek begiz jo zuen. 70eko hamarkadan lan asko egin zuen, eta oso ondo; gainera, famatu egin zen”, laburbildu du Cimarrok.
Javier Aguirreren Pierna creciente, falda menguante filmatzen ari zela ezagutu zuten elkar Cohenek eta Fernan Gomezek, 1969. urtearen bukaeran. Aktorea 2007ko azaroaren 21ean hil zen arte eutsi zioten bien arteko harremanari, nahiz eta 24 urteko adin-tartea izan bien artean.
Cohen Bartzelonako alkateordearen alaba zen. Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen laugarren mailara arte. Mario Gas ezagutu zuen bertan. TEUrekin bat egin, eta Cervantes eta Valle Inclanen klasikoak antzeztu zituen Espainia osoan.
‘Jivago doktorea’
“Kataluniako underground zinemaren alosia” izan zen urte askotan. 1965ean, Jivago doktorea filmean parte hartu zuen, eta hiru urte geroago, Jorge Grauren eta Luis Marquinaren Tusset Street pelikulan. Sara Montielek zuen paper nagusia lan horretan.
1971n, Lady Europa izendatu zuten, eta Fernan Gomezekin antzerkia egiten hasi zen. Besteak beste, Ibsenen El enemigo del pueblo; Audibertiren El mal anda suelto eta Vodevil.
70eko hamarkadaren hasieran, film komertzialagoak egiten hasi zen: komediak, Mariano Ozoresekin batera, eta pelikula erotikoak. Besteak beste, Techo de cristal, Españolas en Paris, Las petroleras (C. Cardinale eta B. Bardotekin batera); Demasiado bonitas para ser honestas, La Mujer con botas rojas edo Las obsesiones de Armando.
Literaturan aurreneko sartu-irtena Toda la casa era una ventana nobelarekin egin zuen Cohenek. Ondoren, beste batzuk etorri ziren: La isla del aire (1990), Rojo Milady (1994), Loca Magnolia (1996) eta Ese vago resplandor (2011) autobiografia.