kultura
Gertutik
Erlijioen topagunea
Xabier Larrazabal | EITB
Baitara baita erlijioaniztasunari buruzko proiektuaren barruan zentru erlijioanitza izango dena eraikitzen ari dira Donostian
“Donostia hiri anitza da baita erlijoaren ikuspegitik ere eta errealitate hori ikusarazi nahi duen proiektua da hau”, dio Arrate Velasco Baitara baitaren arduradunak. Helburuen artean erlijioei espazio publikoan presentzia ematea, hauen gaineko ezagutza areagotzea eta erlijioen arteko elkarrizketa sustatzea dituzte. Pasa den urteko maiatzean ekin zioten proiektuari eta ordutik jardunaldiak antolatzeaz gain, Pedro Arrupe instutuarekin batera txosten bat egin dute Donostian dauden erlijio komunitateen zerrenda osatuz. Guztira 11 topatu dituzte: kristau ortodoxo, katoliko eta ebanjelikoak, Jehobaren Lekukoak , Zazpigarren Eguneko Eliza Adbentistako kideak, mormoiak, budista zenak eta tibetarrak, islamista suniak, bahaiak eta juduak. “Eta denen artean somatu dugu aldarrikapen bera: kulturako espazio bat nahi dutela”, dio Velascok.
Horri lotuta, Baitara Baitaren barruan zentru erlijioanitz bat sortu dute EHUko arkitektura goi eskolako ikasleek. Juan Jose Arrizabalaga eskolako zuzendariak dio 40 bat proposamen egin dituztela ikasleek eta erlijio ezberdinetako kideekin ere bildu direla eraikinak nolakoa beharko lukeen jakiteko. Azkenean, Möbius izeneko proiektua izan da hautatua. Möbius zintan du oinarria, eternitatearen ideiarekin jokoa eginez, eta oraintxe ari dira eraikitzen Donostiako Kanpusean: “Ez da hainbeste erlijio bakoitzak bere ikurrak izango dituen leku bat baizik eta egoteko, hausnarketarako eta meditaziorako espazio bat, agnostikoentzako ere baliagarria izan daitekeena”, dio Arrizbalagak. Itzalekin eta argiarekin jokatu omen dute zurezko egitura duen erakina sortzerakoan, batez ere goitik datorren argiak eman dezakeen ikutu “mistikoarekin”. Eraikina erdi irekia izango da, arkupez osatua, nahiz eta espazio estali bat ere izango duen.
Zentru erlijioanitza eraikitzen irailean amaituko dutela aurreikusten dute eta datozen hileetan Baitara baitaren programa barruko hitzaldi zein “otoitz sesioentzako” lekua ere izango dela aurreratu dute.