Itxi

kultura

CHILLIDA LEKU

Eusko Jaurlaritzak ere uko egin dio Chillida Leku erosteari

Agentziak | Erredakzioa

Gipuzkoako Aldundiak Chillida Leku erosteko hitzarmenaren arabera berari egokitu litzaizkiokeen 50 milioi euroak ordainduko ez dituela iragarri eta gero, Jaurlaritzak ere uko egin dio.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak egin zuen bezala, erakundeek Chillida Leku erosteko zirriborratutako akordioarekin aurrera jarraitzeari uko egin dio, berak bakarrik proiektuari aurre egiteari ezinezkoa iritzita.

Josu Erkorekak eman du erabakiaren berri, kazetarien galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren gaurko bileraren ostean.

“Gaur egun, proiektu honek ezin du aurrera jarraitu, Eusko Jaurlaritzak inoiz ez baitu berorri bakarrik ekitea pentsatu”, esan du Jaurlaritzaren batzordeak Gipuzkoako Aldundiaren erabakiaren aurrean errespetua eta babesa agertu eta gero.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 22an iragarri zuenez, ez du Chillida Leku erakundeek erosteko egitasmoan parte hartuko, ezin baitu bere gain hartu berari egokituko litzaiokeen 50 milioi euroko diru ekarpena.

Operazioaren kostua 100 milioi eurokoa izango litzateke guztira, eta erdibana egin beharko liokete aurre Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak.

Chillida Leku 2000. urtean zabaldu zuten, eta 2010eko abenduaren 31n itxi zuten, eskultorearen familiak ezin baitzuen bere gain hartu azpiegitura pribatu honen kudeaketa ekonomikoa.

Ordudanik, euskal erakundeak familiarekin harremanetan egon dira, erakunde publikoen laguntzarekin espazioa zabaldu eta, horrela, donostiar artistaren ondarea zaindu eta erakutsi ahal izateko.