Itxi

kultura

Artazu VII.a

100.000 urteko aztarnategi paleontologiko bat aurkitu dute Arrasaten

eitb.eus | erredakzioa

UPV/EHUko talde bat ikertzen ari den aztarnategiak gutxienez 40 espezie biltzen ditu, eta Goi Pleistozenoan inguruko fauna nolakoa zen erakusten du.

  • Harrobiko langileek aurkitu zuten 2012an, leherketa baten ostean. Argazkia: EHU

    Harrobiko langileek aurkitu zuten 2012an, leherketa baten ostean. Argazkia: EHU

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko eta Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileek osaturiko diziplina askoko talde batek Artazu VII.a aztarnategiaren aurkikuntza aurkeztu du, ohar baten bidez zabaldu dutenez.

Aztarnategia Arrasateko Kobate harrobian dago, Gipuzkoan, eta harrobiko langileek aurkitu zuten 2012an, leherketa bat egin ostean. Barrunbeko buztinaren artean hondakin fosil ugari zeudela ikusita, ustiaketa gelditu zuten, eta Alvaro Arrizabalaga Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslearekin jarri ziren harremanetan.

Gune horren garrantziaz jabetuta, 2013an, Alvaro Arrizabalagak eta Maria Jose Iriartek, harrobia ustiatzen duen enpresarekin elkarlanean, presazko indusketa bat egitea erabaki zuten, Artazu VII.a (izen hori jarri diote) aztarnategiko hezur hondakinak euren testuinguruan berreskuratzeko asmoz.