Itxi

kultura

Armintxe

Lekeition aurkitutako labar grabatuak duela 14.500 urte egin zituzten

Agentziak | Erredakzioa

Armintxe Bizkaiko udalerriko kobazuloan aurkitu dituzten 50 grabatuak Madeleine aldiko Goi Palolitokoak dira, eta “Iberiar Penintsulako ikusgarrienak”.

1:46

Lekeition, Armintxe leizean, aurkitutako 50 grabatuak Madeleine aldiko Goi Paleolitoan egindakoak dira, eta, adituek gaur kazetariei esan dietenez, “Iberiar Penintsula osoko ikusgarri eta ikaragarriena” da duela 14.500 urteko egindako irudi sorta.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak prentsaurrekoa egin du gaur, Andoni Iturbe Aldundiko Ondasun zerbitzuko arduradunarekin, Cesar Gonzalez Historiaurreko katedradunarekin eta Lorea Bilbao Kultura diputatuarekin batera, “kalitate tekniko eta ikusgarritasun paregabea” erakusten dituen aurkikuntzaren berri emateko.

Rementeriaren azalpenen arabera, Santimamiñeko kobazulokoen eta duela gutxi Atxurran aurkitutakoen garai berekoak dira orain aurkitutako grabatuak, duela 14.500 urte ingurukoak. Gainera, leizean lanean ari dira oraindik; beraz, oso litekeena da “irudi kopurua handitzea”.

Armintxe kobazuloaren sarrerarik 50 metrora daude atzemandako irudiak, Lekeitioko herrigunean bertan, etxebizitza multzo baten azpian, eta, adituek esan dutenez, “Iberiar Penintsula osoko grabatu sail harrigarri eta ikusgarriena da”.

Rementeriaren hitzetan, aurreko aurkikuntzetatik ezberdintzen duena “felidoen” irudiak agertu izana da, “erabat berria baita hori kantauriar inguruan”. Halaber, zaldi baten eta bisonte baten irudi handiak ere badaude, baita “animalia txikiago gehiago” ere.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Lekeitio