kultura
Gertutik
Bidearen amaiera
Xabier Larrazabal | EITB
Pasaia eta Donostia lotuko dituen etaparekin amaituko da 2016 bidea proiektua
Martxoan hasi zuen bere ibilbidea 2016 bidea proiektuak. Mendian zeharreko ibilbideak kultur eskaintzarekin nahastu dituzte, ibilbide horietan antzerki zein musika emanaldiak jarriz, adibidez. Antolatzaileen esanetan, mendizaleak zirenak kulturara hurbiltzea eta kulturzaletasuna barneratuta dutenak mendira hurbiltzea zen asmoa. Euskal Herri osoan zehar 600 kilometroko bidea osatu ondoren, helburua bete dutela uste du Donostia 2016ko Bizitzaren Itsasargiko Leire Palaciosek: “Esperientzia ikusgarria izan da, autobusetako leku guztiak bete egin dira. Mendian ibiltzen direnek bide berriak ezagutu dituzte, eta arte diziplina berriak ezagutzeko ere balio izan die”, azaldu du. Oso feedback ona jaso dutela ere adierazi du, jendea gustora gelditu denaren seinale.
Igande honetan egingo den 32. etaparekin bukatuko da proiektua. Aurreko etapekin alderatuta laburragoa izango da, pare bat orduan egingo baitute parte hartzaileek Pasaia eta Donostia arteko bidea. Donostiara Zurriolatik sartu ostean, Boulevardean gastronomia, musika eta bestelako ikuskizunak uztartuko dituen egun osoko festa izango dutela iragarri dute.