kultura
Orkestra zuzendaria
Juanjo Menak 2016ko Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi du
Agentziak | Erredakzioa
Epaimahaiak orkestra zuzendariaren ibilbide profesionala nabarmendu du, "mundu osoko orkestra garrantzitsuenetan" egindako lanagatik.
-
Juanjo Mena. Argazkia: EiTB
Juanjo Mena orkestra zuzendari gasteiztarrak (Gasteiz, 1965) 2016ko Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi du. Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen du urtero, eta saridunak 30.000 euro jasotzen ditu.
Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 2016ko Espainiako Musika Sari Nazionalarekin, Juanjo Menaren ibilbide profesionala goraipatu du epaimahaiak. Azken hamarkada honetan nazioarteko “agertoki garrantzitsuenetan eta mundu osoko orkestra prestigiotsuenekin egindako ibilbideagatik” eman diote saria 2016ko maiatzean Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendari izendatu zuten orkestra zuzendariari.
Halaber, “musika klasikoa zein garaikidea, kontzertu areto eta grabazio estudioetan zabaltzeko konpromisoa” nabarmendu du epaimahaiak.
Gaur egun, BBC Philarmonic Orkestrako zuzendari nagusia da Juanjo Mena. Horri esker, herrialde hauek bisitatu ditu gasteiztarrak: Alemania, Txina, Hego Korea eta Eslovenia. Gainera, Londresko BBC Proms entzutetsuetan parte hartu ohi du.
Bestalde, BBC Philharmonic Orkestrarekin grabatzen ari den diskoan, Manuel de Falla, Gabriel Pierné, Xabier Montslvatge, Carl Maria von Weber eta Joaquin Turina omenduko ditu.
2016ko uztailean, Espainiako Orkestra Nazionalarekin grabatu zuen diskoa kaleratu zen.