Itxi

kultura

Hitzarmena

Euskaltzaindiak eta EiTBk lankidetza berritu dute

A.E.|EiTB

Kalitatezko euskara bultzatzeko akordioa sinatu dute.

  • Maite Iturbe eta Andres Urrutia. EiTB

    Maite Iturbek eta Andres Urrutiak izenpetu dute ituna. EiTB

Gaur sinatu dute Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2020ko abenduaren 31 arte indarrean egongo den lankidetzarako hitzarmena. EiTBren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmen horretan jasotzen denez, EiTBko hedabideek kalitatezko euskara eredu estandarra zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute datozen lau urteetan. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jartzen ere ahaleginduko dira, hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakoitzari eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion eran. Aurretik egin izan den legez, irizpideak EiTBren estilo liburuak jasoko ditu.

Hori guztia egiteko, EiTBk Euskaltzaindiaren laguntza eta kolaborazioa izango du (batik bat, Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokitik eskainiko dio laguntza hori Akademiak). Gainera, EiTBren testu-masa erabiltzen jarraitzeko aukera ematen zaio Euskaltzaindiari, UZEI, Elhuyar eta IXA taldeekin batera garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia osatu ahal izateko.

Halaber, eta urtean behin, Euskaltzaindiaren zuzendaritzak txostena helaraziko dio EiTBko zuzendaritzari, erakunde publikoaren hedabideetan erabiltzen den hizkuntza-ereduaren zuzentasunari eta egokitasunari buruz aholku emateko eta euskararen garapenean bidelagun izateko. Gainera, Akademiak erantzun zuzena emango dio EiTBren Euskara Zerbitzuari, eta EiTBren zuzendaritzak beharrezko ikusiz gero, hitzarmen honek jasotzen dituen gaietan trebakuntza ikastaroak, jardunaldiak edo informazioa emango dio Akademiak.

Azkenik, hitzarmen berriaren xedeak bideratzen eta erakunde bien arteko harremanak egoki kudeatzen laguntzeko jarraipen-batzorde bat eratuko da, eta erakunde bietako kide bana izango du jarraipen-batzorde honek. 2003. urtetik dator EiTBren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza, eta kalitatezko euskara sustatu eta zabaltzearen alde egin dute bi erakundeek ordutik.

Giltzarria

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak aitortu du itun berri honek euskara alorrean 'bermea eta babesa' ematen diola EiTBri. 'Beraz, etorkizunean ere bidelagun izango dugu Euskaltzaindia, gure hedabideetan kalitatezko euskara estandarra erabili eta bultzatzen lagunduko diguna”, gaineratu du. Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du aspaldikoa dela bi erakundeen arteko elkarlana: 'Bi erakundeen arteko aspaldiko elkarlan bat badago, jarraitutasun bat, Akademiarentzat Euskal Telebista guztiz estrategikoa baita, giltzarria, besteak beste, bere hedabideen bitartez Akademian erabakitzen ditugun hainbat eta hainbat ohar eta arau bideratzen eta gizarteratzen direlako'. 'Ari gara, guztion artean, euskararen batasuna egiten –adierazi du Urrutiak–, behar-beharrezkoa duguna. Herritik bertatik datorkiguna ezin dugu baztertu, batez ere ahozko tradiziotik jasotakoa, baina ahozkotik harago joan behar dugu'.

Akordioarekin pozik dagoela nabarmendu du euskaltzainburuak: 'Pentsatzen dugu azken hiru urte hauetan sekulako aurrerapausoa eman dela EiTBn, guri eskatutako gomendio, irizpide eta bestelakoak nola aplikatu diren ikusita. Baina ez hori bakarrik. Akademiak argitaratu berri duen hiztegian edozenbat adibide jasotzen dira zuen testu-masatik hartuta daudenak, zuen hedabideetan eginiko lanetik, hain zuzen. Hor badago halako feedback bat: zuengandik jasotzen duguna, herriari itzultzen diogu'.

Azkenik, lankidetza-hitzarmenarekin jarraitzeko asmoa agertu du Urrutiak, 'betiere helburuak eta xedeak argi ditugula. Hizkuntzaren erabilera jasoa bermatzea da xede nagusia, eta garrantzitsuak dira, baita, onomastika eta toponimia alorrean hartzen diren erabakiak. Toponimiaren garrantzia izugarria da euskararen herrialdeetan, azken batean, horrek kultura eta hizkuntza baten inguruan batzen gaituelako; eta horretan komunikabideek zeresan handia daukate, batez ere EiTBk'.