Itxi

kultura

Jabetza intelektuala

Epaileak berretsi egin ditu Urmenetaren aurkako kautelazko neurriak

Agentziak | Erredakzioa

Iruñeko Justizia Jauregiak nafar enpresa eta Mikel Urmeneta haren sortzailea eta beste lau marrazkilari aurrez aurre jarri dituen epaiketaren lehen saioa hartu du.

1:42

Nafarroako Justizia Auzitegiko Hirugarren Arloak baieztatu egin ditu Iruñeko Merkataritza-gaietarako epaileak iazko uztailean Mikel Urmenetaren eta Katuki Saguyaki haren enpresaren aurka onartutako kautelazko neurriak. Hain zuzen ere, epaileak debekatu egin zien Kukuxumusuren esku utzitako 15.000 marrazkiak erabiltzea.

Iruñeko Justizia Jauregiak Kukuxumusu enpresaren eta Mikel Urmeneta haren sortzailearen arteko auziaren epaiketa hartu du ostegun honetan. Kukuxumusuren jabeak eskatu du Urmenetak ez ditzala erabili enpresaren esku utzi zituen eta pertsonaia ezagunak erakusten dituzten marrazki Katuki Saguyaki bere enpresa berriarekin.

Auziaren aldeek bost eguneko epea dute orain behin betiko ondorioak aurkezteko, eta, horren ostean, Iruñeko Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiaren arduradunak ebatzi beharko du Urmenetak eta proiektu berrian bidelagun dituen lau marrazkilariek (Txema Sanz, Belatz, Marko eta Asisko) Testis zezena, Tetis behia, Beerlorzia ardia eta “Kukuxumusu Unibertsoari” ei dagozkion gainerako pertsonaiak erabili ahal izango dituzten.

Ricardo Bermejok, 2014tik Kukuxumusuren jabea denak, jarri du enpresa nazioarte mailako merkatuetara bultzatu zuten pertsonaiak sortu zituzten bost marrazkilarien aukako demanda, eta, idatzi horretan, bere garaian enpresaren esku utzi zituzten 15.000 marrazki ez erabiltzeko eskatzen du.

Marrazkiak versus pertsonaiak

Gaurko saioan, Bermejok adierazi du lagapen kontratuak 1994 eta 2013 urteen artean sinatu zirela, eta horien objektua ez direla pertsonaiak, marrazkiak baizik; hortaz, haren ustez, “demandatuek nahi duten estiloan marraztu ahal dute, librea baita hori, baina ezin dute enpresaren esku utzitako marrazkirik erabili”. Kukuxumusuk horiek eraldatzeko eskubiderik baduen zehaztea da auziaren gakoetako bat, hain zuzen ere.

Hala ere, gaurko saioan agerian gelditu da oso zaila dela zehaztea egun sortutako marrazki bat Kukuxumusuren esku dauden diseinuen kopia ote den, pertsonaia eta estilo berak erabiltzen baitira. Hori agerian gelditu zen sanferminetan, epaileak, kautelazko neurri gisa, Testis eta beste pertsonaia batzuk erakusten zituzten produktuak saltzea debekatu baitzion Katuki Saguyaki demandatuen enpresari.

Horren inguruan galdetu diotenean, Bermejok esan du hainbat urtez egileen baimena eskatu dutela pertsonaia horiek erreproduzitzerakoan “nahiz eta ez zen gure betebeharra, baizik eta adeitasunez egindako zerbait”, eta orain, Bermejoren esanetan, ez daukate zertan egin, enpresak beretzat baititu lagatako marrazkien gaineko esplotazio eskubideak.

Bermejoren abokatuak azaldu du Kukuxumusuk marrazkien gaineko “kopia, erreprodukzio eta esplotazio” eskubideak dituela. Marrazkilarien abokatuak, baina, debekua 15.000 irudiren gainekoa denez gero, praktikan “pertsonaia horiek erakusten dituen edozein marrazki egitea" debekatzen zaiela erantzun du.

Demanda, kontrako noranzkoan ere bai

Urmenetak Justizia Jauregiaren kanpoaldean kazetariei esan dienaren arabera, onartzen dute bere garaian 15.000 irudi horiek enpresaren esku utzi izana, baina, azaldu duenez, horiek “eraldatzeko” eskubidearen helburua irudiok beste euskarri batzuetara (kamisetak, boligrafoak, tazak…) egokitzea zen.

“Gauza bat da irudi batzuk lagatzea, baina horren gainetik egilearen eskubidea dago”, esan du Bermejok, zeinak 2014an akzioen gehiengo bereganatu eta 2015ean Urmenetaren kontratua deuseztatu baitzuen, “pertsonaiekin gelditu” nahi du.

“Zentzu komun hutsagatik, inork ezin digu arrazoia kendu, marka sortu aurretik egindako pertsonaiekin gure sormena ezabatu”, esan du Urmenetak, Testis Kukuxumusu martxan jarri aurretik diseinatutako zezenari buruz.

Edonola ere, Urmenetak iragarri du beste lau marrazkilariekin batera demanda bat prestatzen ari direla “kontrako noranzkoan, plagioa eurek guri egin digutela uste baitugu”.

Kukuxumusuko langileak

Kukuxumusuko egungo langileen gehiengoak marka eraikitzen eta garatzen eurek izandako paper “protagonista” aldarrikatu dute gaur, “nahiz eta iritzi publikoaren ikuspegitik Mikel Urmeneta den enpresa aurrera atera eta egonkortzen lagundu duen bakarra”.

Langileek deitoratu dute hainbat tokitatik “bertsio lerratu eta partziala” ematen ari dela, Mikel Urmeneta eta haren lankideak Kukuxumusuren garapenari lagundu dioten bakarrak sinetsarazteko.

Amaitzeko, mezu hau zabaldu nahi izan dute: “Guk ez dugu soldata ikaragarririk, eta ez dugu hedabideen edo pertsona ospetsuen babesik, baina gure lana ezinbestekoa izan da proiektu hau aurrera ateratzeko. Ez dago bakarrik edo pertsona baten ekimenez eraikitzen den proiekturik. Bidearen zati bat egin dugu, baina jakitun gara lana asko dagoela egiteko enpresari egonkortasuna itzultzeko eta gure lanpostuei eusteko. Horretan gaude”.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Iruñeko bideoak