Itxi

kultura

Digitalizazioa

Txillardegiren idatzi guztiak, Interneten kontsultagarri

Agentziak | Erredakzioa

Jakin Fundazioak guztion eskura jarri ditu Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, pentsalari eta idazlearen lan guztiak: 40 liburu eta 1.352 artikulu.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, pentsalari eta idazlearen idazlan guztiak webgune batera igo ditu Jakin Fundazioak, donostiarrak idatzitako 1634 dokumentu eta haren inguruan idatzitako 350 testu digitalizatzeko lana gauzatu eta gero.

Atzo aurkeztu zuten bilduma Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean, Jakin Fundazioaren presidenteak eta zuzendariak, Joan Mari Torrealdaik eta Lorea Agirrek, eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak.

Webgunearen edukia irekita dago eta doan kontsulta daiteke. Txillardegik politikaz, pentsamenduaz eta hizkuntzalaritzaz idatzirikoak biltzen ditu, baita haren eleberriak eta fikziozko bestela lanak ere, eta hiru urte erabili ditu Jakin Fundazioak horiek guztioriek aztertzeko.

Besteak beste, 40 liburu eta 1.352 artikulu bildu dituzte, 1956an Egan eta Eusko Gogoa aldizkarietan publikatutakoetatik hasi eta 2011, hil baino urtebete lehenago, argitaratutakoetaraino.

Agirrek Txillardegiren izaera “polifazetikoa” azpimarratu du, eta, “zentzu zabalean, euskal kulturako pentsalari handienetakoa” izan zela adierazi du, baita “politikari, fikziozko idazle eta polemista handia ere”.

Agirrek esan duenez, lan hau “egitasmo handiago” baten lehen urratsa da; izan ere, Euskal Herriko XX eta XXI. mendeetako pentsamendu modernoaren transmisioaren berri” eman nahi dute.