Itxi

kultura

Gutunak operazioa

Aditu batek lapurtutako 2.000 eskutitz inguru berreskuratu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Antza denez, artxibategietan lapurtutako eskutitz batzuk merkatuan salgai jartzen zituen errudunak, baina beste batzuk bere etxean gordetzen zituen.

1:22

1604 eta 1895. urteen artean idatzitako 2.000 eskutitz prefilateliko inguru berreskuratu ditu Ertzaintzak, dokumentu horietan aditua den pertsona batek lapurtu ostean. Euskal artxibategietan ia 160 lapurtu zituen, eta gainontzekoak Espainiar Estatuan.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ‘Gutunak’ izeneko polizia-operazioaren berri eman du ostegun honetan. Bere esanetan, “euskal ondare historikoaren parte diren dokumentu batzuk berreskuratu dira, eta eskutitz horiek egon behar ziren tokira eraman dira jada”.

Lapurtutako dokumentu horietatik, 157 euskal artxibategi publiko eta pribatukoak dira. Gainontzeko lapurretak Espainiako beste autonomia erkidegoetan egin zituen errudunak. Dokumentu horien artean daude, besteak beste, Felipe III.a eta Felipe IV.a erregeen hainbat gutun. Halaber, 1625ean, garai hartako Arabako Ahaldun Nagusiari igorritako eskutitza berreskuratu du Ertzaintzak. Beltran de Herediak nabarmendu duenez, dokumentu horriek “bakarrak” dira.

Ikerketa 2011. urtean hasi zen, Aranzazu Oregi Bergarako Udal artxibategiko arduraduna hainbat dokumentu prefilateliko  lapurtu zituztela ohartu zenean. Hala, Udalean horren berri eman ostean, salaketa aurkeztu zuen Bergarako ertzain-etxean.

Salaketa jarri ostean, Ertzaintzak ‘Gutunak’ izeneko polizia-operazioa abiatu zuen, erruduna identifikatzeko asmoz. Hala, laster batean ustezko lapurra harrapatu zuten: dokumentu horietan aditua den gizonezkoa.

Antza denez, artxibategietan lapurtutako eskutitz batzuk merkatuan salgai jartzen zituen, baina beste batzuk bere etxean gordetzen zituen.

Ikerketan parte hartu duten ertzainek azaldu dutenez, lapurra harrapatzea ez zen zaila izan, segurtasun-kamerek grabatutako irudiek argi erakusten zutelako nor zen ustezko erruduna. Alabaina, dokumentuak berreskuratu zituztenean horien jatorria ziurtatzea izan zen zailtasun handiena. Dena dela, ikerketa zabalik jarraitzen du, oraindik 600 bat gutun falta direlako.

Kasu batzuetan, eskutitzek 400 euroko balioa izan zezaketen merkatuan, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, balio ekonomikoa baino askoz ere garrantzitsuagoa da ondare historikoarekin duen balioa.

Erruduna 2011. urtean atxilotu zuten arren, eta, ondoren, lapurreta delitua dela eta epaitu bazuten ere, ikerketa zabalik jarraitzen du oraindik. Arrazoi horregatik, Jaurlaritzak ez du polizia-operazio horren berri eman gaur arte.