Itxi

kultura

69. edizioa

'The Handmaid's Tale'k 'Game of Thrones'en koroa jaso du Emmy sarietan

Agentziak | Erredakzioa

Hulu plataformaren telesail distopikoak bost Emmy sari irabazi ditu bart; telesail dramatiko onenarena eta telesail dramatikoko emakumezko aktore onenarena (Elisabeth Moss), besteak beste.

3:35

"The Handmaid's Tale" distopiak, Hulu plataforma digitaleko telesail izarrak, “Game of Thrones”en koroa beretzat hartu du bart Emmy sarien 69. edizioan, telesail dramatikorik onenaren saria jasota. "Big Little Lies" eta “Saturday Night Live”ren umorea ere saritu dituzte.

"The Handmaid's Tale"k bost sari jaso ditu: telesail dramatiko onena, telesail dramatikoko emakumezko aktore onena (Elisabeth Moss), telesail dramatikoko bigarren mailako emakumezko aktore onena (Ann Dowd), telesail dramatikoko zuzendari onena (Reed Morano, bigarren emakumea historian sail horretan irabazten) eta telesail dramatikoko gidoi onena (Bruce Miller).

Margaret Atwood kanadarraren obran oinarritutako lanean, estatu kolpe baten osteko AEB irudikatzen dute, non demokraziaren ordez emakumeak zapaltzen eta baztertzen dituen teokrazia autoritario bat ezarri baitute.

“Bigg Little Lies” HBOren minisaila izan da gaueko beste irabazle nagusia, horrek ere bost sari eskuratu baititu: minisail onena, emakumezko aktore onena (Nicole Kidman), zuzendari onena (Jean-Marc Vallée), bigarren mailako emakumezko aktore onena (Laura Dern) eta bigarren mailako gizonezko aktore onena (Alexander Skarsgaard).

Zazpi ataleko sail horretan, Monterrey (Kalifornia) kostaldeko udalerri elitistan bizi diren bost amaren istorioa kontatzen da: sei eta zazpi urteko seme-alabak elkarrekin joaten dira eskolara, eta argitu gabeko hilketa batek hankaz gora jarriko ditu guztion bizitzak.

Sterling K. Brownek (“This is Us”) irabazi du dramako gizonezko aktore onenaren saria, Anthony Hopkins ("Westworld"), Milo Ventimiglia ("This is Us"), Kevin Spacey ("House of Cards"), Bob Odenkirk ("Better Call Saul"), Matthew Rhys ("The Americans") eta Liev Schreiber ("Ray Donovan") garaituta.

Mossek, bestalde, hauek zituen aurkari: Viola  Davis ("How To Get Away With Murder"), Claire Foy ("The Crown"), Robin Wright ("House of Cards"), Keri Russell ("The Americans") eta Evan Rachel Wood ("Westworld").

Komediaren arloan, “Veep” satira politikoak telesail onenaren Emmy saria lortu du hirugarrenez jarraian, "Atlanta", "Black-ish", "Master of None", "Modern Family", "Silicon Valley" eta "Unbreakable Kimmy Schmidt" telesailekin lehian.

Julia Louis-Dreyfus protagonista lehena izan da saria sei urtez jarraian lortzen, beste inork inoiz baino gehiagotan.

Bestalde, Donald Gloverri (“Atlanta”) eman diote komediako gizonezko aktore onenaren saria, Jeffrey Tamborren ("Transparent"), Anthony Andersonen ("Black-ish"), Aziz Ansariren ("Master of None"), William H. Macyren ("Shameless") eta Zach Galifianakis ("Baskets") aurkari zituela.

Halaber, "Black Mirror: San Junipero" telefilmak merezi izan du telebistarako film onenaren saria.

Sarien kopuru handienari dagokionez, “Saturday Night Live” umore saioarentzat izan da, bederatzi jaso baititu, arlo teknikoko bost tartean.