Itxi

kultura

Saria

Nevadako Euskal Ikasketen Zentroak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren ENE saria

Agentziak | Erredakzioa

Euskadin egon ez arren, euskararen eta euskal kulturaren alde diharduten erakundeen lana goraipatzea du helburu.

  • Argazkia: Center for Basque Studies, University of Nevada

    Argazkia: Center for Basque Studies, University of Nevada

Nevadako (Reno, AEB) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroari (Center for Basque Studies) eman diote Eusko Ikaskuntzaren ENE 2018 saria. Euskadin egon ez arren, hizkuntzaren eta euskal kulturaren alde diharduten erakundeen lana goraipatzen du garaikurrak.

Eusko Ikaskuntzak ohar batean azaldu duenez, Estatu Batuetako erakunde horrek "lan izugarria" egin du orain dela mende erdi martxan jarri zenez gero. Hala, Nevadako Euskal Ikasketen Zentroa (CBS) "euskal kulturaren ikur esanguratsu" bilakatu dela nabarmendu dute Eusko Ikaskuntzako arduradunek.

William A. Douglass antropologoak eta Jon Bilbao bibliografoak sortu zuten. Gaur egun, Euskaditik kanpo euskal kulturari buruzko liburu bilduma handiena duen liburutegia dago han.

30.000 liburu baino gehiago ez ezik, 100 artxibo fondo baino gehiago, 25.000 argazki eta beste zenbait dokumentu ditu liburutegiko artxiboak.

Euskal kulturaren inguruan ikertzeaz gain, euskara eskolak ematen dituzte zentroan lan egiten duten irakasleek eta ikertzaileek.