Itxi

kultura

53. edizioa

Porter Jazzaldira itzuliko da McLorinen eta Collierren estreinakoan

Agentziak | Erredakzioa

Horrela, iaz "egundoko arrakasta" izan zuen Gregory Porter Donostian izango da berriro, baina Nat 'King' Coleren abestietan oinarritutako proiektu berriarekin, orkestra sinfoniko bat lagun duela.

  • Gregory Porter. Artxiboko irudia: Blue Note

    Gregory Porter. Artxiboko irudia: Blue Note

Donostiako Heineken Jazzaldiak 2018ko uztailaren 25etik 29ra egingo den 53. edizioaren lehen izenak ezagutarazi ditu ostegun honetan: Gregory Porter, Cecile McLorin Salvant, Carla Bley, Dave Holland, Michel Portal eta Zakir Hussain. Egitarau osoa urtarrilean iragarriko da eta otsailean jarriko dira sarrerak salgai, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Horrela, iaz "egundoko arrakasta" izan zuen Gregory Porter Donostian izango da berriro, baina Nat King Coleren abestietan oinarritutako proiektu berriarekin, orkestra sinfoniko bat lagun duela.

Abeslariekin jarraituz, Cecile McLorin Salvant "sasoi betean dagoen emakumezko kantaria, gaztea, desberdina, asmamen eta klase handikoa" ere Heineken Jazzaldian izango da, baita Jacob Collier "harrigarria", hainbat instrumentu ere jotzen dituena.

Izar berriak

Halaber, Europako ordezkaritza "zabala eta interesgarria" izango du 53. Heineken Jazzaldiak: Michel Portal, jazzaren euskal musikarien dekanoa; jazz frantsesaren izar berriak: Emile Parisien saxofonista, Vincent Peirani eskusoinu jotzailea, Mederic Collignon tronpetista eta Tom Ibarra gitarrista, 19 urterekin aurtengo Rising Stars lehiaketa irabazi duena; GoGo Penguin talde britainiarra, jazz hirukoaren kontzeptu berriarekin.

Bestalde, Libanotik helduko diren bi musikarik beren azken proiektuak aurkeztuko dituzte jaialdi donostiarrean: alde batetik, Rabih Abou Khalil out jotzailea (lautea), lan zoragarriak egin dituena jazz garaikideko zenbait musikari nabarmenekin, eta, bestetik, Frantzian bizi den Naïssam Jalal txirula jotzailea, "edertasun eta indar bakaneko proposamena" aurkeztuko duena, ekialdeko kutsuz blaitutako jazzaren erakusgarri.

Era berean, "bi hiruko guztiz erakargarri" ere izango dira Donostian: Carla Bley pianista, Steve Swallow baxu jotzailea eta Andy Sheppard britainiar saxofonista alde batetuk, eta Dave Holland baxu jotzailea, Chris Potter saxofonista eta Zakir Hussain perkusio jotzailea bestetik.

Maila handiko beste artista batzuk ere izango dira 53. Heineken Jazzaldian: Bruce Barth pianista, Grateful Dead taldearen musika omenduko duen kontzertu batekin; gitarraren munduko "txundidura" berria, Julian Lage kaliforniarra; Dick Oatts kultuko saxofonista, Victor de Diego euskal musikaria tartean duen laukote batekin; Chris Cheek, Oscar Noriega, Jim Black eta Trevor Dunn musikariek osaturiko Endangered Blood taldea.

Laboari omenaldia

Gainera, Heineken Jazzaldian izango dira Iñaki Salvador pianista donostiarra, Mikel Laboari eskainiko dion omenaldiarekin, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean, eta Marco Mezquida pianista balearra, Maurice Ravelen errepertorioaren "birsorkuntza txundigarri batekin".