kultura
Programazioa
72 ikuskizun Gasteizko udal agertokietan, ekainera arte
Agentziak | Erredakzioa
Principal Antzokiak hartuko ditu ikuskizun gehienak, lehen mendeurrena ospatuko duen urtean. Besteak beste, Sergio Dalma, Aitana Sanchez Gijon eta Dani Mateo arituko dira.
-
Principal Antzokiak hartuko ditu ikuskizun gehienak. Argazkia: Gasteizko Udala.
Sergio Dalma kantaria, Aitana Sanchez Gijon aktorea eta Dani Mateo umorista arituko dira, besteak beste, Gasteizen otsailetik ekainera egingo duten antzerki denboraldian, Udalak gaur jakinarazi duenez. 72 ikuskizun egingo dituzte guztira ekainera arte, udal agertokietan.
Ikuskizun gehienak Principal Antzokian egingo dituzte, eta gizarte etxeetan hainbat ziklo egingo dituzte, flamenkoari buruzkoa esaterako.
Helduentzako antzerkiari dagokionez, hamahiru proposamen ekarriko dituzte Gasteizera, zeinetan “zuzendari eta aktore ospetsuek tragediak, komediak eta gaur egungo istorioak” taularatuko baitituzte, Estibaliz Canto Gasteizko Kultura zinegotziak azaldu duenez.
Euskaraz, lau antzezlan programatuko dituzte Gasteizko publikoaren gozagarri “hizkuntza honetan egindako emanaldien audientzia indartzen baitoa”, zinegotziaren esanetan.
Halaber, dantza ere egongo da ikusgai, Genevako operako balletak eta “beste hiru konpainia handik” ikuskizunak erakutsiko baitituzte.
Musikari dagokionez, 22 kontzertu izango dira, estilo lirikotik hasi eta popera artekoak jorratuko dituztenak, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zazpi emanaldi eskainiko ditu udara arteko epean.
Gainera, magiak ere izango du tokia, eta Jorge Blass magoak emanaldia eskainiko du Arabako hiriburuan, baita, umoreari helduz, Dani Mateok, Pepon Nietok eta Maria Barrancok ere, besteak beste; Els Joglars konpainiak, bestalde, satira bat erakutsiko du.