Itxi

kultura

Urtarrilak 19-20

Marseillako Ballet Nazionalak 'Apparition' taularatuko du Arriagan

Agentziak | Erredakzioa

Gustav Mahlerrek konposatu zituen Kindertotenlieder-etan oinarritutako asmo handiko proiektuaren lehen partea da urtarrilaren 19an eta 20an Bilboko antzokiko agertokian erakutsiko dutena.

Ballet National de Marseillek eta ICK-k “Apparition” ikuskizuna eramango dute urtarrilaren 19 eta 20an Arriaga Bilboko antzokira. Gustav Mahlerrek Friedrich Rückerten poemak oinarri hartuta konposatu zituen Kindertotenlieder-etan (Hildako umeei eskainitako abestiak) oinarritutako asmo handiko proiektuaren lehen partea da hau.

Bilboko antzokiaren arduradunek azaldu dutenez, Emio Greco eta Pieter C. Scholten koreografoek sortu dute Apparition, eta diziplina asko batzen dituen pieza da, naturako soinuez eta animalien kantuez eratutako soinu paisaia baten barruan umeei ahotsa ematen diena

Eszenaren ardatza Ballet National de Marseille eta ICK taldeetako dantzariak dira, baita ikuskizunean partaidetza aktiboa izango duten Bilboko Koral Elkarteko Haurren Abesbatzako 14 umeren lana ere.

Ikus-entzuleek ostiralean, urtarrilaren 19an, eta larunbatean, 20an, gozatu ahal izango dute ikuskizunaz, 20:00etan, egun bietan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 eta 40 euro artean.