Itxi

kultura

18.edizioa

Donostia Antzerki Saria, 'Mami Lebrun' Xake Produkzioak taldearen antzezlanarentzat

eitb.eus

Konpainia sortu berriak martxoaren 27an saria jaso eta lan irabazlea eskainiko du Victoria Eugenia Antzokian. Epaimahaiaren iritziz, “indar eta sormen handiko lana” da.

  • Martxoaren 27an jasoko dute saria, Donostian

    Martxoaren 27an jasoko dute saria, Donostian

Mami Lebrun antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko Donostia Antzerki Saria. Lan hori izan da, horrenbestez, epaimahaiaren aburuz, 2017an helduentzako antzerki konpainia profesional batek Donostian euskaraz eskainitako antzezlanik onena.

Xake Produkzioak konpainiak egin duen lehendabiziko lanarekin eskuratu du saria, eta 12.000 euro eta Chari Goienetxeren artelan bat jasoko ditu.

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an egingo dute, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango dute, eta ondoren lan irabazlea eskainiko dute.

Mami Lebrun, “lan hunkigarria”

Mami Lebrun antzezlana Parisko klub batean girotuta dago, Bigarren Mundu Gerran, eta epaimahaiak hainbat arrazoi eman ditu lan hau saritzeko: “Sorkuntza handiko lana izateaz gain, energia handikoa da eta ikuslea hunkitzea lortzen du. Horrez gain, elementu asko uztartzen asmatu dute: dantza, musika, umorea, hunkigarritasuna, hurbiltasuna…”.

Heriotza da antzezlanaren gai nagusia, eta, epaimahaikideen hitzetan, “naturaltasun osoz jorratzen da, oso era egokian”.

2017an, 19 antzezlan

2017an, helduentzako 19 antzerki lan eta 33 emanaldi eskaini zituzten Donostian, eta guztira 8.192 ikusle bildu ziren emanaldi horietan.