Itxi

kultura

Akordioa

Eusko Jaurlaritzak Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren egitasmoa abiatu du

eitb.eus

Exekutiboak eta Sancho el Sabio Fundazioak akordioa sinatu dute, Euskal Liburutegi Nazional Digitalerako bidean, XX eta XXI. mendeko 3.000 obra digital batuko dituen lehenengo liburutegi bat sortzeko.

  • Jaularitzako eta Sancho el Sabio Fundazioko ordezkariek aurkeztu dute hitzarmena

    3.000 obrako lehenengo liburutegi digital bat sortzea izango da lehen pausoa

Eusko Jaurlaritzak lehen urratsa aurkeztu du gaur goizean, historia osoan zehar kulturaren arlo guztietan jardun diren euskal sortzaileen obra bildu nahi duen etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitala sortzeko.

Gaurkoan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Sancho el Sabio Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute, aurreneko urrats gisa, lehenik eta behin oinarrizko euskal liburutegi digital bat eratzeko, XX eta XXI. mendeetako 3.000 liburu digital izango dituena.

eLiburutegia liburutegi digitalak, Estatuko handienak, mundu osoko idazleen (euskal idazleak tartean, noski) 16.000 lan jarri ditu herritarren eskura, baina oraindik behin betiko datarik ez duen Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren helburua izango da euskaraz idatzitako edo euskarara ekarritako lanak eskaintzea.

Euskal Liburutegi Nazional Digitalak euskaraz publikatutako obra “idatzi, ikus-entzunezko, piktoriko zein musikalak” izango ditu langai, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak zehaztu duenez, eta horietarako sarbidea erraztea du helburu.

Akordioa Sancho el Sabio Fundazioarekin

Helburu hori abiapuntu hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta Sancho el Sabio Fundazioak sinatu duten akordioak zehazten duenez, azken horrek euskal ondare bibliografikoa batu eta kontserbatuko du, nola egile eskubiderik gabeko lanak hala egile eskubideak dituztenak, jendarteari hurreratzeko.

Oinarri horiekin, XX eta XXI. mendeetan euskaraz idatzitako edo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako argitaletxeek gaztelaniaz kaleratutako gutxienez 3.000 aleko oinarrizko liburutegi garaikidea sortzea da asmoa, eta beroriek liburu digital gisa argitaratzea.

Eusko Jaurlaritzak gutxienez 100.000 euro jarriko ditu urtean, bi urtez, eta bere gain hartuko ditu lanak aukeratzeko prozesuaren gastuak; Sancho el Sabio Fundazioak, bestalde, gehienez ere 100.000 euro jarriko ditu urtero, formatu bihurgarrian ez dauden domeinu publikoko lanak digitalizatzeko.