kultura
Ondarearen Europako Urtea
Bizkaiko kultura-ondarea erakusteko 35 ekitaldi prestatu ditu Foru Aldundiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Besteak beste, normalean irekita ez dauden edo sartzeko zaila diren lekuetan egingo dira bisitak, hala nola, Ziortza monastegiko geletan, La Naval lantegietan edo Munoa jauregiko barnealdean.
-
Barakaldoko Munoa Jauregia. Argazkia: EiTB
Bizkaiko kultura-ondarea erakusteko asmoz, 35 ekitaldi baino gehiagok osatutako egitaraua aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Ondarearen Europako Urtearen harira. Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatuak eta Amaia Campo Barakaldoko alkateak aurkeztu dituzte ekitaldi horiek.
Egitarau horrek "herritarrak gonbidatu nahi ditu Bizkaiko ondare kulturalaren ezkutuko aldeak berriro aurkitzera, eta ondarearen bidez iragana eta etorkizuna lotzera", azaldu du diputatuak.
Besteak beste, normalean irekita ez dauden edo sartzeko zaila diren lekuetan egingo dira bisitak, hala nola, Ziortza monastegiko geletan, La Naval lantegietan edo Munoa jauregiko barnealdean.
Gainera, hainbat elizako errataulak bisitatzeko aukera egongo da, zaharberritzaileen azalpenekin, eta museoetan ondarea berreskuratzeko lanak ere hizpide izango dituzte.
Bibliografia- eta dokumentazio-ondarearen inguruko erakusketak ere izango dira, ontzi historikoen berreraikitzeari buruzko hitzaldiak, eta musika-instrumentu historikoekin egindako organo-emanaldiak.
Horrez gain, Bizkaiko Zubiaren 125. urteurrena ospatuko dute nazioarte mailako biltzar batekin, eta bertan parte hartuko dute mundu osoko zubietako ordezkariek.