kultura
Antzerkia
Dutroux ume-hiltzailearen kasuari begiratzen dion antzezlana, Arriagan
eitb.eus
“Five Easy Pieces” maiatzaren 11n, ostirala, eta maiatzaren 12an ikusi ahalko da Bilboko antzokian, nederlanderazko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko eta euskarazko gainidatziekin.
-
Maiatzaren 11n eta 12an ikusi ahalko da. Argazkia: Phile Deprez.
Arriaga antzokiak “Five Easy Pieces” Marc Dutroux ume-hiltzailearen kasua agertokira eramaten duen antzezlana jarriko du ikusgai asteburu honetan, maiatzaren 11 eta 12an, Bilboko zentroak gaur iragarri duenez. Antzokiaren arduradunen hitzetan, “Bilboko antzerki denboraldian egongo den ikuskizun gogorrenetakoa” da.
Dutrouxen hilketetatik hogei urte baino gehiago pasatu direla (1995 eta 1996an sei ume eta nerabe bahitu, torturatu eta horiei sexu abusuak egiteagatik zigortu zuten), Milo Rau suitzar zuzendariak “konfrontazio esperientzia” bat eskaintzen du “Five Easy Pieces”en, antzokitik azaldu dutenez.
Egilea benetako gertakarien testigantzetan oinarritzen da 16 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dagoen lan honetan, besteak beste, umeek dakiten, sentitzen eta egiten dutenaren mugak agerian jartzeko: “Zelan uler dezakete umeek narratibaren, enpatiaren, galeraren, mendekotasunaren, zahartzaroaren, etsipenaren edo altxamenduaren benetako esanahia? Gure beldurrak eta nahiak agerian geratzen al dira antzezten ikusten ditugunean?”.
Ostiralean, maiatzak 11n 20:00etan, eta larunbatean, 12an, ordu berean, Arriagara doazenek agertokiak berak eskaintzen duen gertutasunetik biziko dute Five Easy Pieces, leku txikian, antzezlanaren atmosfera bultzatzeko. Emanaldiak nederlanderazko jatorrizko bertsioan eskainiko dira, gaztelaniazko eta euskarazko gainidatziekin.