kultura
HERIOTZA
Antonio Mercero zuzendari eta gidoilari gipuzkoarra zendu da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Verano Azul" eta "Farmacia de guardia" telesail ezagunen egilea da.
Antonio Mercero zuzendari eta gidoigilea hil da 82 urte zituela, Espainiako Zine Akademiak jakitera eman duenez. Alzheimer gaixotasuna zeukan 2009az geroztik.
Mercerok, Lasarten jaioak, Emmy sari bat jaso zuen "La Cabina" (1972) lanagatik.
Ohorezko Goya saria jaso zuen 2010eko Goya sarietan. Zinemako, telebistako eta antzerkiko lan ezberdinak zuzendu eta idatzi ditu. Horien artean aurkitzen dira, "Verano Azul" eta "Farmacia de guardia" telesail ospetsuak.
Bere bakarkako lehenengo lana 1962an egin zuen "Leccion de arte" laburmetraia izan zen. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen ikus-entzunezko horrekin.
Telebistako Zientzia eta Arteen Akademiako presidentea ere izan zen 1998 eta 2000 urteen bitartean.
Bere ibilbidean zehar sari ezberdinak jaso ditu. Horien artean daude: Telebistako Onda Sariak (1992) eta Arte Ederretako Urrezko Domina (1997).
Antonio Mercero Museo Birtuala
Museo birtual bat sortuko Lasarteko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera Antonio Merceroren omenez.
"Gure omenaldi onena Antonio Mercero Museo Birtuala martxan jartzea izango da lasartear honen ondarea bere jarratzaileen eta datozen generazioen esku gelditzeko", esan du Lasarteko Udalak.
"Atsekabe handia" ere erakutsi du udalak ohar batean: "Lasarterentzat, zinemarentzat, telebistarentzat eta artearentzat galera handia izan da. Egun triste honetan babesa eman nahi diegu bere familia eta lagunei".