Itxi

kultura

Udal araudia

Kafetegi eta tabernetan kontzertuak egiteko muga eten dute Gasteizen

Radio Euskadi

Hiriko udalak Eusko Jaurlaritzarengana jo du neurriaren inguruko lege zalantzak argi ditzan. Emaitza eskura izan arte, ez dute hilabetean bi emanaldi baino gehiago antolatzeko debekua gauzatuko.

Gasteizko Udalak eten egin du hiriko taberna eta kafetegietan hilean bi kontzertu baino gehiago antolatzeko debekua. Ostalarien eta kultur eragileen artean polemika sortu duen neurria ez dute gauzatuko harik eta Eusko Jaurlaritzak udalak helarazitako lege zalantzak argitu arte.

Tartean dauden eragile guztien arteko bileran elkarren arteko ulermena nagusitu zen atzo, eta legeak agerian uzten dituen zalantzak argitzea adostu zuten. Horretarako, Arabako hiriburuko udalak Eusko Jaurlaritzarengana jo du, Iñaki Prusilla Ingurumen zinegotziak azaldu duenez.

Horrela, taberna eta kafetegietan antolatutako kontzertuak gaueko hamarrak baino lehen bukatu beharko dira, ordutegi hori udal araudiak ezartzen baitu, ikuskizunen euskal legeak barik, baina lokaletako jabeek ez dute izango mugarik hilabetean bi kontzertu baino gehiago antolatzeko.

Ingurumen batzordean eman du neurria eteteko erabakiaren berri Prusillak, Orbain elkarteko kideak bertan zirela. Talde horretako ordezkarien hitzetan, kontzertuak mugatzea atzerapausoa izango litzateke hiriko kulturarako.