Itxi

kultura

Elkarrizketa

'Adingabekoen legea da euskal kontzertu aretoen arazo nagusia'

Natxo Velez | eitb.eus

Kultura Live kontzertu aretoen elkarteak gidari lanak egingo ditu ekainaren 4tik 6ra, Europako Musika Areto eta Musika Jaialdien Live DMA elkarteak Bilbon egingo baitu bere batzar nagusia.

  • Bilboko Kafe Antzokia da Kultura Live elkarteko kideetako bat

    Bilboko Kafe Antzokia da Kultura Live elkarteko kideetako bat

Ekainaren 4tik 6ra, Live DMA Europako Musika Areto eta Musika Jaialdien Elkarteak Bilbon, Kafe Antzokian, egingo du bere batzar nagusia. 18 herrialdetako 2.500 musika areto eta jaialdi ordezkatzen ditu talde horrek, eta sektorearen nondik norakoak izango dituzte hizpide Bizkaiko hiriburuan.

Atzerriko parte-hartzaileei Kultura Live Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako kontzertu aretoak batzen dituen elkarteak egingo dizkie gidari lanak Bilbon, eta Arkaitz Villar talde horren koordinatzailearekin hitz egin nahi izan dugu, euskal kontzertu aretoen egoerari begiratzeko.

Zer arazo nagusi dituzue euskal kontzertu aretoek?

Momentu honetan, adingabekoen legea da arazo nagusia. Gaur egungo legeak ez die adingabekoei zuzeneko musika aretoetara sartzen uzten, eta hori aldatzeko lanean ari gara.

Irailean gai hori landuko duen jardunaldia antolatuko dugu Donostian.

Kultura-sustatzaile zareten heinean, zer harreman dituzue erakunde publikoekin? Zer eskatzen diezue?

Harremanak ditugu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin. Horrez gain, Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteko eta Live DMA Europako Zuzeneko Musika Aretoen eta Musika Jaialdien Elkarteko kide ere bagara.

Azkenaldian, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzarekin ere ari gara lanean, adingabekoen legeari irtenbidea bilatzeko.

Gure eskakizun nagusia da zuzeneko musika eskaintzeko orduan baldintzak hobetzen lagunduko diguten tresnak sortzen laguntzea; aretoek egunero egiten duten lana aitortzea ere eskatzen diegu, eta lan hori hobetzen lagunduko diguten dinamikak sortzen laguntzea.

Zuen posizioak ematen dizuen ikuspegitik, zelan epaituko zenukete euskal musikaren osasun egoera?

Inoiz baino talde gehiago dago, eta taldeak inoiz baino prestatuago daude, bai teknikoki baita musikari bezala ere.

Zuzenekoen merkatua aldatu da, besteak beste taldeek kontzertu gehiago ematen dituztelako, disko gutxiago saltzen dituztenez. Nola kudeatzen duzue egoera berri hori? Euskal Herriak zer toki hartzen du nazioarteko biren zirkuituan?

Gizartea aldatzen doan heinean, musikaren sektorea ere aldatzen da. Joera musikalak aldatzen doaz etengabean, eta aretoak eskaintza zabal horretara heltzen saiatzen gara, bai nazioarteko taldeekin baita bertokoekin ere.

Publikoaren eskakizunaren eta eskaintzaren artean oreka bat osatzen saiatzen gara. Musika jaialdiek ez bezala, guk urte osoko programazioa lantzen dugu, eta hori sendotzen ahalegintzen gara.

Live DMA Europako zuzeneko musika aretoen eta musika jaialdien elkarteko kidea da Kultura Live. Zer abantaila ditu horrek?

Euskal Herriko aretoen egoera Europa mailan erakusteko aukera eskaintzen digu, baita beste herrialde batzuetako ereduak ezagutzekoa ere. Gauza asko ikasten ari gara, nahiz eta herrialde bakoitzak areto mota ezberdinak dituen.

Europako batzarraren atarian, zein herrialde dituzue ispilu? Zergatik?

Europako iparraldea eta Frantzia dira gure ispilu nagusiak: diru-laguntza handiak dituzte, eta horrek aukera handiagoa eskaintzen die programazioan arriskatzeko.

Lan egiteko modu oso ezberdinak ditugu, eta guztion artean ezagutzak partekatu, elkarrekin proiektuak sortu eta sektorearen profesionalizazioa eta errekonozimendua bultzatzea dira gure helburu nagusiak.