kultura
Erakusketak egiteko
Euskalduna Jauregiak 2.000 metro karratu irabaziko ditu, lanen ostean
Erredakzioa
Gune berri hori erakusketak egiteko erabiliko da, eta baita batzarrak egiteko zein beste edozein beharrizanetarako ere. Ia 19 milioi euroko lanak izango dira eta 2012ko ekainean amaituko dute.
Euskalduna Jauregia txiki geratu da 12 urte eta gero. Batez ere erakusketak egiteko leku premia dute, gaur esan dutenez. Horregatik, zabaldu egingo dute eta beste 2.000 metro karratu lortu. Gaur behin-betiko egitasmoa aurkeztu dute.
Euskalduna Jauregiaren alboan dagoen gunera zabalduko dute eraikina. Zutaberik gabeko gunea izango da eta gaur egungo hall-arekin lotuta egongo da. Metalezko estalki berezia edukiko du eraikin osoarekin bat egin dezan. Fatxada nagusia ez da ezertan aldatuko.
Gune berri hori erakusketak egiteko erabiliko da baita batzarrak egiteko zein beste edozein beharrizanetarako ere.
Zabaltzeaz gain, bide batez, berriztu egingo dute Euskalduna Jauregia. Guztira, ia 19 milioi euro erabiliko dituzte. Lanak orain hasi eta urte eta erdian, 2012ko ekainerako, amaituta egongo dira. Euskaldunako arduradunek agindu dutenez, jauregian berdin-berdin egingo dira berba emandako ekitaldi guztiak obretan ari direla ia igarri gabe.