Itxi

kultura

New Directors atala

Koldo Almandozen 'Oreina' filma Zinemaldian lehiatuko da

eitb.eus

Irailaren 28an zinema-aretoetan estreinatuko da. Filma Txintxua Films etxearen ekoizpena da; ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan ditu.

  • Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren 'Oreina' filmaren irudia. Argazkia: Txintxua Films

    Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren 'Oreina' filmaren irudia. Argazkia: Txintxua Films

Oreina Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren fikziozko lehen filmak 2018ko irailaren 21a eta 29a bitartean egingo den Donostiako Zinemaldian parte hartuko du, New Directors sailean, Txintxua Films konpainiak ohar baten bidez baieztatu duenez.

Irailaren 28an estreinatuko da zinema-aretoetan, Golem banatzailearen eskutik.

Txintxua Filmseko ekoizpen hau Almandozek munduari ikusteko modu pertsonala erakusten duen film garaikidea da. Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia erakutsiko dizkigu.

Periferia horretan, jatorri desberdineko pertsonak gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea, zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea.

Pertsonaia nagusien antzezleak hauek dira: Patxi Bisquert (Tasio, 100 metro), Ramon Agirre (Handia, Julieta, Aupa Etxebeste!), Iraia Elias (emakumezko aktore hasiberri onenaren Goya saria eskuratzeko izendatua Amama filmean egindako lanagatik), Erika Olaizola (Los tontos y los estúpidos) eta Laulad Ahmed Saleh aktore lanetan lehen aldiz dabilen gaztea.

OREINA pelikula TXINTXUA FILMS

Argazkia: Txintxu Films

2017ko udazkenean sei astetan grabatu zen Gipuzkoako hainbat eremutan (Aginaga, Usurbil, Orio, Donostia, Zubieta, Oiartzun) eta Nafarroan (Elkano).

Filmaketan, ekipo tekniko eta artistikoaren artean, 60 profesional baino gehiago aritu ziren, horietako asko euskal zinemako film nagusienetan lan egindakoak.

Teknikarien artean, Almandozekin aurreko beste proiektu batzuetan lan egin duten kolaboratzaileak nabarmentzen dira, hala nola Javier Agirre (2018ko Goya sarietako Argazki Zuzendaritza onena Handia filmagatik), Laurent Dufreche (2018ko Goya sarietako Muntaia onena Handia filmagatik), Alazne Ameztoy soinu-arduraduna eta Marian Fernandez Pascal produkzio exekutiboaren buru. Filmeko jatorrizko musika Elena Setienek eta Ignacio Bilbaok konposatu dute.

Filma Txintxua Films etxearen ekoizpena da, eta ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan ditu.