Itxi

kultura

Azoka

948 Merkatuak iraupena eta egoitza kopurua handituko ditu bigarren edizioan

eitb.eus

Nafarroako Arteen Merkatuak hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak, bilerak, eztabaidak, aurkezpenak eta erakusmahaiak eskainiko ditu azaroaren 21, 22 eta 23an.

948 Nafarroako Arteen Merkatuaren bigarren edizioa handiagoa izango da: bi egun barik, hiru iraungo du, azaroaren 21etik 23ra; egoitza gehiago izango ditu; eta kolaboratzaile kopurua ere handituko da.

Sormen industrien 1.000 profesional espero dituzte, 180 jarduera baino gehiago egiteko: hitzaldiak, ikastaroak, erakustaldiak, batzarrak, eztabaidak, aurkezpenak, erakusmahaiak…

Nafarroako Kultura Zuzendaritzak antolatutako azokaren helburua da gai kultural eta artistikoak erakusteko topagune bihurtzea; proposamen berritzaileen erakustoki izatea; eta “Nafarroako, Akitaniako, Euskadiko, Aragoiko eta Errioxako” arteak sustatzea, antolatzaileek argitu dutenez.

948 Merkatuaren egoitzak hauek izango dira: Baluarte, arte, kultura eta sormen arloetako profesionalen bilgune goizetan, eta Sarasate pasealekua, Liburu, Disko eta beste Euskarrien Azokaren egoitza.

Gainera, musika eta arte eszenikoetarako egoitzak Baluarte eta Kondestable izango dira; Nafarroako Antzerki Eskola eta Iturramako Civivoxa arte eszenikoetakoak; Zentral, Indara eta Joaquin Maya Ikastegia musikarako; Nafarroako Filmategia zinema eta TBrako; eta Ziutadela arte plastikoetarako.

Beste kolaboratzaile batzuk ere izango dira: Nafarroako Museoa, Nafarroako Unibertsitateko Museoa, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Civican eta Uharte arte garaikideko zentroa.