Itxi

kultura

Saria

Renzo Piano arkitektoarentzat, Vianako Printzearen Kultura saria

Erredakzioa

Epaimahaiak arkitektoaren ''dimentsio unibertsala'' eta Genova bere sorterriarekin duen lotura azpimarratu ditu.

Renzo Piano arkitekto italiarrak irabazi du 2011ko Vianako Printzearen Kultura saria. Epaimahaiak arkitektoaren ''''dimentsio unibertsala'''' eta Genova sorterrirako duen grina azpimarratu ditu. Era berean, bere lanetako ''''dimentsio erraldoi eta minimoa'''' hartu ditu kontuan.

Kultura arloan ibilbide nabarmena izan duten pertsona edo erakundeei ematen die saria urtero Nafarroako Gobernuak. Renzo Pianorekin batera, beste 11 hautagai izan dira aurten: Ondare arkitektonikoa zaharberritzerako enpresen Europako elkartea, Iruñeko katedraleko musika kapera, Faustino Menendez Pidal heraldista, Hugh Thomas historialaria, Jesusa Vega Gonzalez historian eta artearen historian aditua, Lucia Lacarra dantzaria, Luis Bacaicoa Martich konpositore eta organo-jotzailea, Pascual Aldave konpositorea, Philip Milton Roth idazlea, Plácido Domingo tenorea eta Peter Brook dramaturgoa.

Honako hauek osatu dute 2011ko Vianako Printzearen Kultura sariko epaimahaia: Jürgen Untermann, Juan Ramón Corpas, Patxi Mangado, Antoni Wit (Warsaw Philharmonic Orchestrako zuzendaria); Francisco Calvo Serraller (historialari, saiakera idazle eta arte kritikaria), Juan Gracia Armendáriz (idazlea) eta Koldo Lasa (Nafarroako Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Institutuko zuzendari kudeatzailea).