kultura
Antzerkia
Ricci/Fortek bullyingaren eta homofobiaren aurkako aldarria eramango du Bilbora
Agentziak | Erredakzioa
Italiar antzerki konpainiak ‘Still Life’ taularatuko du ostiralean, urtarrilak 25, Arriaga antzokian, Erroman jazotako benetako kasu batean oinarritutako antzezlana.
-
'Still Life' ostiralean ikusi ahalko da, Arriagan. Argazkia: Nene Malingamba.
Ricci/Forte italiar konpainiak “bullyingaren eta homofobiaren aurkako aldarrikapena” egingo du Bilbon, Arriaga antzokiko oholtzan, italierazko jatorrizko bertsioan (gaztelaniazko eta euskarazko gainidatziekin) gozatu ahalko den “ikuskizun aldarrikatzaile eta bortitz” baten bidez.
“Still Life” lanak “tamalez egun hitzetik hortzera dabilen gai bat jorratzen du, egungo gizarteko afera zailenetakoa: bullyinga”. Antzezlanak “homofobia kutsuko jazarpena” irudikatzen du, erreferentzia gisa “Erroman izandako benetako kasu bat” hartuta.
Stefano Riccik zuzendutako ikuskizunak “bost ahotseko sarraskia” aurkezten du “biktima bakarrarentzat, bullying homofobikoaz hitz egiteko eta sexu nortasunean zein beste edozein zirkunstantziatan oinarritutako bazterkeriaren aurka egiteko”, egileen hitzetan.
Ricci/Forte konpainiak “politika egiteko modu gisa” ulertzen du antzerkia, beraiek azaltzen dutenez, “herritarrek, metrailadoreari heldu gabe, polisaren barruan duten erantzukizuna da”.
Antzezlana bukatutakoan, Stefano Riccik, obraren zuzendari eta Ricci/Forte konpainiako buruetako batek, solasaldia eskainiko du aktoreetako batzuekin batera.