kultura
Martxoak 12 – apirilak 7
Loraldia Festibalak euskal sorkuntza berrien agertoki bihurtuko du Bilbo
eitb.eus
Jaialdiaren bosgarren edizioa martxoaren 12tik apirilaren 7ra egingo dute, eta arduradunek “erreferenteetatik abiatuta egindako proposamen berritzaileen” lagin interesgarria aurkeztuko dute.
“Sentikariz blai!” iritsiko da Loraldia jaialdiaren bosgarren edizioa, martxoaren 12tik apirilaren 7ra, berorren antolatzaileek gaur goizean Bilbon, martxan zegoen tranbia batean, egindako prentsaurreko batean iragarri dutenez.
Loraldiak euskal sormen garaikidea izango du ardatz, produkzio propio berriak bultzatuko ditu, baina bosgarren edizio honetan begirada berezia eskainiko die, esaterako, Sarrionandiari eta Joxan Artzeri, besteak beste.
Martxoaren 12an, Loraldiaren lehen egunean, esaterako Iñigo Aranbarri idazleak Sarrionandiaren literaturaren ezaugarriak azalduko ditu hitzaldi batean, eta martxoaren 15ean Kalaportu ikuskizuna estreinatuko dute, “Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa” kantuz eta musikaren bidez ezagutzeko parada. Eñaut Elorrietak, Mikel Urdangarinek, Ines Osinagak, Miren Narbaizak, Rafa Ruedak, Danak, Joseba Irazoki & Beñat Axiarik, Audienceek, Harkaitz Canok eta Uxue Alberdik hartuko dute parte bertan.
Hortik abiatuta, Loraldiaren bosgarren edizioak 30 kultur hitzordu eskainiko ditu Bilboko hamabi gunetan, antzerkia (Mundubira. Elkano, Primus…), dantza (Biz Hitza euskara batuaren bilakaera dantzaren bidez azaltzen duen ikuskizuna, Basoa migratzaileen egoera salatu eta ikusarazten duen koreografia…), musika (Maite Larbururen disko berriaren aurkezpena, Hibai eta Lagunak kontzertua…), literatura (H-artzetik: poesia musuzapietan Txakur Gorria kolektiboaren ikuskizuna, Munduko Poesia Kaia ikuskizuna, Verdes liburu dendari omenaldia…), zinema (Cold lands – Lurralde hotzak Iratxe Fresnedaren dokumentalaren aurkezpena…), arte plastikoa (Elkarketak Mikel Lertxundi bizkaitar eskultorearen lanen erakusketa) eta bertsolaritza (Sustrai Colina…).
Jaialdiaren bosgarren edizioa bukatzeko, apirilaren 7an, Itxaro Bordak Bustinezko etorkizuna geroari buruzko testua irakurriko du, Loraldiak eskatutako testu librea. Tartean, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran bertsotan arituko dira, Amaia Agirre gai-jartzailearen agindupean, eta Mursegok musika jarriko dio ekitaldiari.