Itxi

kultura

Martxoak 23

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala 'festa handia' izatea nahi dute

eitb.eus | erredakzioa

Gizonezkoek osatutako zortzikotea martxoaren 23an lehiatuko da Iruñeko Anaitasunan. Julio Sotok 2017an lortutako txapelari eutsi nahiko dio, eta eitb.eus-en zuzenean ikusi ahalko da.

  • 2015eko finala. Argazkia: EiTB

    2015eko finala. Argazkia: EiTB

Martxoaren 23an jokatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, eta eitb.eus-en zuzenean ikusi ahalko da saioa.

17:00etan hasita, zortzi bertsolari izango dira txapela lortzeko lehian arituko direnak, guztiak gizonezkoak: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat lllarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia.

Julio Sotok 2017an irabazitako txapelari eutsi nahi dio aurtengo ekitaldian, baina aurkari izango ditu finaletan eskarmentu handia duten bertsolariak, eta baita egun handi horretan lehen aldiz arituko direnak ere.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak azpimarratu du finala "urte osoan zehar egiten den lan isilaren fruitua eta alderdirik ikusgarriena" dela, eta “festa handia" izatea nahi dutela.

Bestalde, finala elkarlanean antolatzeko Iruñeko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman du elkarteak. Izan ere, Udalak ekitaldiaren antolaketak dakartzan gastuen zati bat hartuko du bere gain.

Finalerako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian (martxoaren 23ko goizera arte), bai eta ondorengo puntu fisikoetan ere (ostirala 22ra arte): Karrikirin (Iruñea), Fantxike (Elizondo), okindegia (Lesaka), Maimur (Leitza), Xapatero (Etxarri) eta Olgarenea (Lizarra). Finalaren egunean bertan, gainera, Anaitasunako leihatila irekiko da 15:30etatik aurrera.

Finala eitb.eus webguneetan jarraitu ahal izango da zuzenean, streaming bitartez. Gainera, ETB1ek buruz burukoa emango du larunbat horretan bertan, 21:00etatik 22:00etara.