Itxi

kultura

POLIZIA OPERAZIOA

Chillida, Munch eta Guerrero artisten lanak faltsutzen zituen gizon bat atxilotu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Madrilen egin dute atxiloketa, galeria baten jabeak salaketa jarri eta gero, iruzurgileak Chillidaren eskultura baten kopia saldu ostean.

  • Chillida Leku

    Eduardo Chillidaren eskultura baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Madrilen, Eduardo Chillida eskultorearen eta Edvar Munch eta Jose Guerrero margolarien lanak faltsutzea leporatuta. Faltsifikazio horiek enkanteetan saltzen omen zituen.

Galeria baten jabeak ohartarazi zuen iruzurraz. Atxilotuak Alemaniako erakusketa bati utzitako obra bat eskuratu zuen eta faltsua zela konturatu zen.

Salaketa jasotakoan, Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta horri esker jakin ahal izan zuenez, berau saltzeko beste hamaika faltsifikazio utzi zituen Madrilgo enkante areto batean. Halaber, beste bost artelan enkantean atera eta 20.000 euroan saldu zituen.

Atxilotuak enkanteetako erosleen konfiantza bereganatzen zuen, bere burua nazioartean ospea zuten artistekin harremanak zituela esanda. Horrela, artelan faltsuak saltzen zituen.

Poliziak iragan astelehenean atxilotu zuen gizona, Madrilgo Chamberi barrutian, jabetza intelektualaren kontrako delitua eta iruzurra egotzita.

Operazioaren baitan, Chillidaren, Munchen eta Guerreroren 16 obraren kopiak berreskuratu dituzte. Horiek salduta 250.000 eurotik gora jasoko zituen, adituen ustez.

Horien artean garestiena Munchen bat izango litzateke, 115.000 euroren truke baitzuen salgai.

Ikerketa ez dute bukatutzat eman oraindik.