kultura
Kultura zentroa
Clara Montero izango da Tabakalerako kultura zuzendaria
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako zuzendari izan zen 2013tik 2016ra, eta Ane Rodriguezen lekukoa hartuko du karguan.
-
2008 eta 2011 urteen artean Tabakaleran lanean jardun zuen Monterok
Clara Montero Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako zuzendari ohiak gidatuko du Tabakalera Donostiako zentroaren kultura zuzendaritza, Ane Rodriguezen ordez.
Donostiako kultura zentroak ohar batean azaldu duenez, Administrazio Kontseiluak aukeratu du, otsailean abiatu zuten hautaketa prozesua bukatuta.
Gaur egun, egoitza Zurichen eta New Yorken duen Galerie Gmurzynska arte galeriako Garapen eta Ikerketa zuzendaria da, eta estrategiaren definizioaz eta galeriaren garapenerako artista eta erakusketak proposatzeaz arduratzen da. Halaber, Azkuna Zentroa Bilboko espazioaren kultura programazioaren arduraduna izan zen 2016 eta 2018 bitartean.
2013tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako zuzendari izan zen, eta, kargu horretan ziharduela, ondo ezagutu zuen Tabakalera, bertako Administrazio Kontseiluan parte hartu baitzuen.
Hain zuzen ere, kargu publiko horretan jardun aurretik, Tabakaleran bertan aritu zen. Jardueren koordinatzailea izan zen 2008 eta 2011 bitartean, eta kultur programa diseinatu, planifikatu eta bideratzeaz arduratu zen denboraldi horretan, bereziki arte garaikidearen eta ikus-entzunezkoaren arloetan.