Itxi

kultura

Heriotzaren urtemuga

Leonardo Da Vinci, maisuetan maisu

EITB.EUS

Margolari, eskultore, anatomista, ingeniari, asmatzaile... Diziplina askotan jardun zuen artistak, denetan bikain, gainera. Gaur dira 500 urte 'Errenazimentuko gizon' ezagunena hil zela.

  • Leonardo Da Vinciren 'autorretratua'.

    Leonardo Da Vinciren 'autorretratua'k artistaren azken urteen isla da. Argazkia: Wikipedia

Leonardo di ser Piero da Vinci, Leonardo Da Vinci, Toscana eskualdeko (Italia) Vinci herrian sortu zen 1452. urtean. Familia aberats baten baitan jaio bazen ere, sasiko semea izan zen (ama nekazari gazte bat zen; aita, berriz, notario eta kantzilerra, Piero Fruosino di Antonio). Gaur dira 500 urte hil zela (Amboise, Frantzia, 1519).

Txiki-txikitatik erakutsi zuen Da Vincik inguratzen zuena begi bereziz ikusi eta adierazteko gaitasuna. Giorgio Vassari Errenazimenduko margolarien biografoak jasotakoaren arabera, aitak Da Vinciren marrazki batzuk hartu, eta Andrea del Verrocchio margolari eta lagunari erakutsi zizkion behinola. Verrocchio txundituta geratu zen, eta semea arteetan trebatzeko eskatu zion. Handik urte batzuetara, aprendiz hasi zen Leonardo Verrocchioren tailerrean.

Azkar eta ondo ikasi zuen mutikoak, eta tailerrean lantzen ziren teknika guztietan trebatu zen: marrazketa, margolaritza, eskultura... Mekanika, kimika edo zurgintzaren oinarriak ere aise barneratu zituen. Urte gutxian, aprendizak atzean utzi zuen maisua. 20 urte zituela sinatu zituen Da Vincik bere lehen lanak, eta laster hasi zitzaizkion garaiko nobleak enkarguak egiten. Bere lehen margolana, Krabelinaren ama birjina, 1476koa da.

Florentzian eman zituen lehen pausoak, baina handik gutxira Milanera joan zen. Hiri ireki eta modernoagoa zen, Da Vinciren izaerarentzat egokiagoa akaso. Adituen arabera, beste arrazoi batzuk ere izan ziren lekualdatzeko: Da Vinci minduta zegoen ez zutelako Vatikanoko Kapera Sixtinoa apaintzeko aukeratu. Milanen, ingeniari lanak egin zituen bereziki, eta, besteak beste, hiriko katedralaren kapera aztertzeko lanetan jardun zuen. Francesco I.a Sforzaren omenezko zaldi eskultura bat ere egin zuen garai hartan.

1490ean, bere izena zuen akademia sortu zuen, eta hamarkada horretan burutu zuen bere lanik esanguratsuetako bat: Milango Santa Maria delle Grazie monasterioko Azken afaria freskoa (1494-1498). Garai bertsukoak dira Vitruvian Man —gizonaren anatomia maisuki eta doitasunez jaso zuen— eta Lady with an Ermine —lehen erretratu modernoa da, adituen esanetan—, besteak beste.

Artista bikaina izateaz gain, bidaiari aparta izan zen Da Vinci. 1500. urtetik Italian barrena bidaiatzeari ekin zion Leonardok: Milandik Veneziara joan zen, Florentzia aldera buelta gero, eta Erromara, ondoren. Garai horretakoa da Da Vinciren lan ezagunena: Gioconda edo Mona Lisa. Erretratua norena den ezezaguna izateak, edo emakumeak aurpegian margotua duen irribarrearen arrazoia zein den ez jakiteak misterioz inguratu du lana. Da Vinciren azken garaiko bizi-testamentutzat dute adituek.

Da Vinciren 'Gioconda'. Argazkia: Wikimedia

1513koa da albiste hau ilustratzen duen lana: Autorretratua. Leonardok bere buruari egindako erretratu ezagun bakarra da, bertan agure bat ageri da, bizar eta ile luzeduna, aurpegia zimurrez beteta duena.

Italiatik Frantziara egin zuen jauzi Da Vincik bere bizitzaren azken urteetan. 1516an, Loira haranera joan zen bere laguntzailearekin batera, Frantzisko I.a erregearen babespean. Frantziako erregeak gonbidatuta, Clox-Luceko gazteluan hartu zuten ostatu, eta bertan hil zen hiru urte geroago.

Urteurren ekitaldi eta erakusketak

Asko dira urtemuga borobil horren kontura antolatutakoak. Italian, Vinci jaioterrian, gaur zabaldu dute Leonardoren Museoa. Bertan artistarena izan omen zen ile-sorta bat erakutsiko dute. Ikerlariak hura aztertzen ari dira jada, haren ondorengoak nortzuk izan ziren jakiteko material genetiko bila.

Florentzian ere, erakusketa andana dago antolatuta. Strozzi jauregiak, esaterako, Verrocchio maisuari eskainiko dio bere erakusketetako bat.

Milanen, 20 urte igaro zituen Da Vincik, eta han ere izango da zer ikusia. "Leonardo 500" izeneko programa bat jarri dute martxan, eta hainbat erakusketa eskainiko dituzte Ambrosiana Pinakotekan, Zientziaren Museoan edota Sforza Gazteluan (bertako hormak margotu zituen Leonardok).

Errege jauregian, hainbat esposizio izango dira urte osoan zehar. Horietako batean, naturari buruz (landareak eta animaliak) egindako marrazki sorta erakutsiko dute.

Venezian, Da Vincik giza anatomiari buruz egindako marrazkiak izango dira ikusgai Akademiaren Galerietan, tartean Vitruvian Man ezaguna.

Erroman eta Patron (Piamonte) ere, erakusketak antolatu dituzte.

Gaztelu honetan bizi izan zen hiru urtez Da Vinci. Argazkia: EFE

Italian ez ezik, Frantzian ere ondo gogoan izango dute aurten Da Vinci. Parisko Louvre Museoan dituzte artistaren lanen ia herena (Gioconda han dago, jakina denez). Hala, Leonardori eskainitako atzerabegirakoak izango dira ikusgai urriaren 24tik aurrera.

Azkenik, Amboisen, Da Vinci lurperatuta dagoen herrian, eta Clox-Luceko gazteluan, hainbat jardunaldi antolatu dituzte. Maiatzaren 2 honetan, ekitaldi berezi bat izango da, eta bertan espero dituzte Emmanuel Macron eta Sergio Mattarella Frantziako eta Italiako presidenteak.