Itxi

kultura

DONOSTIA

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldiei amaiera eman diete

EITB.EUS

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, 1919ako urriaren 7an euskararen akademiak lehen osoko bilkura egin zuen tokian, egingo dute urteurrena ospatzeko azken ekitaldia.

  • Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizuna, Donostian

    Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizuna, Donostian. Argazkia: EiTB

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak gaur amaituko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egingo den ekitaldi batekin. Iaztik, hamaika ekintza antolatu dira Euskal Herri osoan barrena, 100. urteurrena dela eta, eta euskararen akademiak 1919an bere lehendabiziko osoko bilkura egin zuen lekua aukeratu dute azken saiorako.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da Gipuzkoa plazan egingo den soka-dantzarekin, eta ondoren, Aldundiaren egoitzara sartu eta herri agintarien hitzaldiak entzun ahal  izango dira. Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan eginiko egitasmo guztiak biltzen dituen bideo laburra eskainiko da, eta, amaiera emateko, argazki ofiziala aterako da Foru Jauregian bertan.

Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua osatzen duten erakunde, akademia eta elkarteen ordezkariekin batera, Euskal Herriko erakunde nagusienetako ordezkaritza zabala izango da gaur Donostian.

'Euskaltzaindia: egunak eta lanak' dokumentala

Euskaltzaindiaren mendeurrena ardatz duen 'Euskaltzaindia: egunak eta lanak' dokumentala aurkeztu dute aste honetan Bilboko BBK Aretoan. Andres Urrutia euskaltzainburua, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia, Fermin Etxegoien kazetaria eta Bernardo Atxaga idazlea egon ziren bertan. Atxagarena da dokumentalaren jatorrizko ideia, eta Etxegoienek zuzendu du. Gidoia bien artean idatzi dute. 

Euskararen Akademiak ehun urte hauetan egindako lana biltzen duen dokumentala Beittu ekoiztetxeak egin du Euskaltzaindiaren eta EiTBren eskariz, eta BBK Fundazioaren babesarekin. Datorren asteartean (urriak 8) izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan. 

Sinopsia 

2019an ehun urte betetzen dira Euskaltzaindia sortu eta euskara arautzen hasi zenetik. Lehenago ere baziren hiztegiak eta gramatikak euskarari buruz; gaur egun denak dira Euskaltzaindian. 

Bidaia horretan zein diren euskara jasoa izatera eraman dituen gertakizun nagusiak eta nork bultzatuak, horra Egunak eta lanak dokumentalak kontagai duena, estetika retro-futurista baten bitartez, Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktoreek gorpuztua, eta Euskaltzaindiak nola jasotzen duen euskara erakusten du.  

Jatorrizko ideia Bernardo Atxaga idazlearena dugu, Fermin Etxegoien aritu da zuzendari, eta irudia Haizea Pastor eta Hodei Zambranoren esku gelditu da, argazki-zuzendari eta muntatzaile lanetan, hurrenez hurren.