Itxi

kultura

Unibertsitatea

Euskarazko doktorego tesi guztiak bildu nahi dituzte Tesiker atarian

eitb.eus

Tesiker datu-basea berrituta aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Udako Euskal Unibertsitateak. 550 tesi daude dagoeneko bertan.

  • Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Kepa Sarasola UEUko zuzendaria

    Euskarazko doktore tesien erregistroaren inguruko datuak eman dituzte gaur

Tesiker euskarazko doktorego tesien datu basea 2007. urtean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzaz. Euskaraz aurkeztutako doktorego tesi guztiak bildu eta eskuragarri jartzea du helburu, eta, azken datuen arabera, euskarazko 550 tesi lanen erregistroa dago bertan.

Guztira, Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basean 763 tesi daude katalogatuta, eta horietatik 550 eskura daitezke euskarazko doktorego tesien datu basean; euskarazko tesien % 70 inguru. Urtero 50-60 tesi berri sartzen dira bertan.

Oraindik ere, Giza eta Gizarte Zientzien arloko lanak gailentzen dira (% 55,56), baina Osasun Zientzietako lanek % 77ko igoera izan dute 2009-2019 aldian 1976-2008 aldiko lan kopuruarekin alderatuz.

Unibertsitate mailako emaitzak ezagutarazteaz gain, jakintza arlo ezberdinetako ereduak jartzen ditu denen eskura, arlo bakoitzeko ikertzaileei terminologia eskainiz, besteak beste. Ikertzaileentzat bakarrik ez, Tesiker datu basea erabilgarria da baita ere irakasle eta ikasleentzat, bai eta jakintza-alor desberdinetako aditu euskaldunak bilatzeko ere, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak gaurko aurkezpenean azaldu dutenez.