kultura
Jean-Baptiste 'Battitu' Coyos euskaltzain oso izendatu dute
Erredakzioa
Coyosen ustez, bi dikonomia daude Zuberoan, "hizkuntzari buruz daukagun ikuspuntua" baldintzatzen dutenak: Euskaldun berri eta euskaldun zahar, euskara batua eta euskalki.
Jean-Baptiste ''Battitu'' Coyos euskaltzain oso izendatu dute. Coyos aukeratzeko proposamena 2010eko azaroaren 26an hartu zuen Euskaltzaindiak.
Michel Etchebest alkateak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiaren zuzendariak hasierako agurra egin ondoren, Coyos aretora sartu da, Jean-Louis Davant eta Xarles Videgain akademikoekin batera. Aretora sartutakoan ''Euskararen bi dikotomien'' inguruko hitzaldiari hasiera eman dio.
Geroago, Txomin Peillenen esku egon da erreplika, ''Mintzo haren ohoreagatik'' izeneko hitzaldiarekin. Zuberoako lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna izan dira bi hitzaldion ardatz nagusiak.
Coyosen ustez, bi dikonomia daude Zuberoan, eta "hizkuntzari buruz daukagun ikuspuntua baldintzatzen dute": Euskaldun berri eta euskaldun zahar, euskara batua eta euskalkia.
Horietako bakoitzari buruz eta hauek dakartzaten "sufrimentuei" buruz hitz egin du. Euskaldun zaharrek "beren hizketak baliorik ez duela" uste duten bitartean, euskaldun berriek "sekula guztiz euskaldunak izango ez direla" deritzote.
Hitzaldian, hizkuntzaren inguruko gogoeta bultzatu du eta azken hamarkadetan eman den atzerapena izan du hizpide. "Etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa da honakoa zergaitik gertatzen den aztertzea", azaldu du.