Itxi

kultura

Madrilen

Donostia 2016, epaiaren zain

Erredakzioa

Eitb.com-ek zuzenean eskainiko du, 17:00etan, 2016an Europako Kultur Hiriburua izango dena iragartzeko ekitaldia.

04:38
Donostia 2016, olatu geldiezina

Donostia 2016 hautagaitzako kideak pozik daude astelehen honetan egindako proiektuaren defentsarekin, eta gaur epaimahaiak jakinaraziko duen erabakiaren zain daude orain. Eitb.com-ek zuzenean eskainiko du, 17:00etan, 2016an Europako Kultur Hiriburua izango dena iragartzeko ekitaldia.

Aurkezpen ''hunkigarri eta originala'' egin zuen hautagaitzaren ordezkari taldeak Madrilen, eta ''pozik'' irten ziren, Donostia 2016 hautagaitzak ohar batean jakitera eman zuenez. Epaimahaiak lantaldeko kideak zoriondu zituen, ''ulergarriagoa eta sinpleagoa egiteko, proiektua birdefinitzeko izan duten gaitasunagatik''.

Ordu erdiz, irratsaio baten itxura hartu zuen aurkezpena egiten zuten Donostiako taldeko kideek. Eduardo Yanez kazetariak hautagaitzako ordezkariak elkarrizketatu zituen fikziozko saio horretan.

Jarraian, epaimahairen galderei erantzun zieten, ordubetez.

Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirre lehengo eta egungo alkateek elkarrekin egin zuten "Herritarren energia-olatuak. Elkarbizitzarako Kultura" proiektuaren aldeko defentsa. Izendatu berri duten alkateak esan zuenez, epaimahaiko kideei argi geratu zitzaien Donostiako Udaleko alderdi guztiek eta hiru erakundeek (Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) babesten duten proiektua dela hau. Odon Elorza Donostiako alkate ohiak ere hiru minutuko aurkezpena egin zuen, eta Gipuzkoako hiriburuko hautagaitzak ''kultura elkarbizitzarako tresna gisa'' planteatzen duela azaldu zuen. ''Espiritu kritiko eta berritzailea oinarri hartuta, herritarrek errealitatea aldatzea ahalbidetzen du kulturak, eta horri buruz hitz egiten du proiektu honek'', gaineratu zuen.

Aurkezpena ''bikain'' joan zela esan zuten Elorzak eta Izagirrek; ''itxaropen handia dugu'', esan zuen egungo alkateak. Elorza ere ''zain'' dago, eta lantaldeak ''ilusio handia'' duela gaineratu zuen.

Donostiarekin batera, Burgosek, Kordobak, Las Palmasek ere egin dute astelehen honetan proiektuaren aurkezpena. Gaur Segoviaren eta Zaragozaren txanda izango da, eta 17:00etan emango du azken erabakiaren berri epaimahaiak.