Itxi

kultura

GOYA SARIAK

'Lubaki amaigabea'k bi Goya eskuratu ditu Pedro Almodovarren erresuman

Agentziak | Erredakzioa

Bestalde, 'El hoyo' pelikularen Efektu Bereziak saritu dituzte. Gainera, Alberto Iglesias donostiarrak bere hamaikagarren Goya erdietsi du.

1:23
Belen Cuesta, emakumezkoen aktore onena, Goya sarietan

Espainiako Zinemagintza Arte eta Zientzia Akademiak Goya Sariak banatu ditu larunbat honetan. 34. edizioaren zeremonia Malagan egin dute aurrenekoz, Jose Maria Martin Carpena Kirol Jauregian. Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek aurkeztu dute berriro.

Pedro Almodovar zuzendariaren 'Dolor y gloria' pelikula nagusi izan da edizio honetan, zazpi garaikur lortuta. Besteak beste, pelikularik onenaren saria, zuzendari onenarena, gizonezko aktore nagusi onenarena (Antonio Banderas) eta emakumezko bigarren aktorerik onenarena (Julieta Serrano) eskuratu ditu.

Alejandro Amenabarren 'Mientras dure la guerra' pelikulak bost sari bereganatu ditu, bi 'Lo que arde'k eta beste bi 'Intemperie'k.

Euskal ordezkaritzari dagokionez, Espainiako Gerra Zibilean eta gerraondoan girotutako 'Lubaki amaigabea' drama 15 kategoritan hautagai zen; baina, azkenean, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmak bi Goya Sari bakarrik eskuratu ditu. Belen Cuestak (Sevilla, 1984) irabazi du emakumezko aktore onenaren saria 'Lubaki amaigabea'n egindako lanagatik; eta Iñaki Diezek, Alazne Ameztoyk, Xanti Salvadorrek eta Nacho Royo-Villanovak osatutako taldeak eskuratu du Soinurik Onenaren Goya saria film horretan egindako lanagatik.

Bestalde, Mario Campoyk eta Iñaki Madariagak Efektu Berezi Onenen Goya saria jaso dute 'El hoyo' (The Platform) pelikulan egindako lanagatik.

Mario Campoyk eta Iñaki Madariagak Efektu Berezi Onenen Goya saria jasotzen. Argazkia: EFE

Alberto Iglesias konpositore donostiarrak, berriz, bere marka hautsi du Goya Sarietan, bere hamaikagarren Goya bereganatu baitu 'Dolor y gloria' filmeko Soinu Bandagatik. "Zirrara handia da, ez dakit zer esan", adierazi du, hunkituta.

"Pedro Almodovarren zinemak askeago egin dit (…), kontatzen oso zailak diren gauzak kontatu ditu, musikaren bidez pelikularen bihotzera iristen saiatu naiz, benetakoa izaten", erantsi du saria bere anai-arrebei eskaini baino lehen.

Iglesias (Donostia, 1955) filmen soinu-bandak egiten dituen euskal musikagile ospetsuena da. Goya Sarietan izendapen kopuru handiena duen pertsona da, 17; eta era berean, sari gehien irabazi dituen pertsona ere bada, 11 Goya baititu.

Alberto Iglesias musikagile donostiarra. Argazkia: EFE

Benedicta Sanchez eta Pepa Flores Marisol, bi izen propio

Benedicta Sanchez izan da Goya Sarien Galan txalo zaparrada handiena eskuratu duen pertsona dudarik gabe. 84 urterekin, emakumezko aktore berriaren Goya Saria jaso du  'Lo que arde' filmean egindako lanagatik.

Saria jaso eta eskertza hitzaldia egiteko oholtzara igo denean, "ez ahaztu amonaz" eskatu die ilobei.

Benedicta Sanchez, saria jasotzera igo denean. Argazkia: EFE

Pepa Flores Marisol ikusteko ikusmin ikaragarria zegoen arren, azkenean, ez da galara agertu. Bere izenean, Maria Esteve, Celia Flores eta Tamara Gades alabek jaso dute Ohorezko Goya.

"Duela 30 urte gure amak fokuetatik betirako aldentzeko erabakia hartu zuen, eta gaur, hunkituta eta Akademiarekin zein lankideekin eskertuta, adi-adi guri begira dago leku lasai batetik" esan du Estevek, amarekin harro.

Amaia Romero nafarrak "La canción de Marisol" abestiaren bertsio bat abestu du eta bere alaba Celia Floresek "Estando contigo" interpretatu du.

Celia Flores, Tamara Gades eta Maria Esteve, Pepa Flores 'Marisol'en alabak. Argazkia: EFE