Itxi

kultura

Heriotza

Kirk Douglas Hollywoodeko aktore ezaguna hil da, 103 urte zituela

Agentziak | Erredakzioa

Hiru aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako, gizonezko aktore onenaren kategorian. Halaber, ehun film inguruko protagonista izan da, tartean, Stanley Kubrick zinema zuzendariaren 'Spartacus' filman.

  • Kirk Douglas aktore estatubatuar ezaguna hil da.

    Kirk Douglas aktore estatubatuar ezaguna hil da. Artxiboko argazkia: EFE

Kirk Douglas aktore estatubatuar ezaguna hil da asteazken honetan, 103 urte zituela, bere familiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Besteak beste, Stanley Kubrick zinema zuzendariaren Spartacus filmeko protagonista izan zen.

"Munduarentzat erreferente izan zen, zinemaren urrezko garaiko urteak ondo baino hobeto ezagutu zituen aktore bat. Berarentzat bidezkoak ziren gauzak eta konpromisoak defendatzen zituen, eta guk guztiok lortu beharreko erronkak zehazten zituen”, esan du Michael Douglas semeak.

Kirk Douglas ehun bat filmetan izan da protagonista, tartean, Stanley Kubrick zinema zuzendariaren Spartacus eta Paths of Glory, Vincente Minnelliren The Bad and The Beautiful eta Billy Wilderren Ace in the Hole lanetan.

Hiru aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako, gizonezko aktore onenaren kategorian, baina 1996ra arte ez zuen saria eskuratu, 90 filmetik gorako ibilbide oparoa aitortu ziotenean.

1916ko abenduaren 9an jaio zen, eta 30 urterekin hasi zen zinemagintzan, The Strange Love of Martha Ivers filmarekin. Bere azken lana, Empire State Building Murders, 2008an estreinatu zen. Urte hauetan zehar, Douglasek hainbat pertsonaia mitiko interpretatu ditu, hala nola Spartaco, Dax koronela edo Van Gogh artista ezaguna.

Dena dela, aktorearen iritziz, bere "lanik onena" 1962an ekoitzitako Lonely Are the Brave filma da. Ildo horretatik, John W. Burns cowboy-a zen Douglasek gehien maite zuen pertsonaietako bat. Interpreteak aitortu zuenez, "izugarri" gustatzen zitzaion pertsonaia horrek bere zaldiarekin zuen adiskidetasuna.

Lau seme-alaba izan zituen, eta Michael Goorjianen Illusion lanean agertu zen azkenekoz pantaila handian, 2005ean. My stroke of Luck lana egin zuen, eta 1996an izan zuen buruko isuriaz hitz egin zuen autobiografia horretan.

Alderdi Demokratako kide eta filantropo sutsua izan zen, eta, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ematen duen askatasunaren domina (1981), Frantziako Ohorezko Legioa (1990) eta Berlingo Zinemaldiko Ohorezko Urrezko Hartza (2001) jaso zituen.