Itxi

kultura

Iruña-Veleia

Defentsaren perituek esan dute grafito faltsuak ez zituela Gilek egin

Agentziak | Erredakzioa

Bi aditu kaligrafok epaiketan esan dutenez, Iruña-Veleiako ustezko grafito faltsuak ez ditu akusatu nagusiak, aztarnategiko indusketen arduradun ohiak, idatzi.

  • Eliseo Gil

    Eliseo Gil aztarnategiko indusketen zuzendari ohia da auziko akusatu nagusia

Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategiko indusketen zuzendari ohiaren defentsak eskatuta, bi peritu kaligrafok txosten bat prestatu dute. Gaurko epaiketan aurkeztu dute txostena eta adierazi dute piezen gaineko idazkunak ez zituela Gilek egin.

Teknikarien esanetan, Gili ezten batez zeramika zati batzuen gainean idazteko eskatu zioten, eta ariketa hori bideoan grabatu zuten.  

Gilek ezten batez eta makina elektriko batez eginiko idazkun horiek, hogeita hamar bat, ustez faltsututako grafitoekin erkatu zituzten gero adituek, baita aztarnategian lehenago, 1949 eta 1975 urteen artean, aurkitutako aleekin ere.

Ondorioetan, perituek adierazi dute Gilek egindako laginak eta grafito faltsuak “erabat ezberdinak” direla, irudietako simetriari, makurdurari, presioari eta norabideari dagokienez.

Haatik, antzekotasunak atzeman dituzte Gilek indusketa zuzendu zuen garaiko grafitoen (ustez, faltsuak) eta aztarnategitik lehenago (1949 eta 1975) ateratako piezen artean.

Atzo, IPCE Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko geologo batek esan zuen piezen faltsutzea “erabat baldarra” dela eta azaldu zuen analisietan altzairu arrunta eta, are gehiago, altzairu herdoilgaitza atzeman dutela grafito ustez faltsuen ildoetan.  

Gilen defentsak IPCEren azterlan horri erantzun dio gaur aurkeztu duen txostenean. Izan ere, idatzi horretan jasotzen denez, metalezko iltze batek 50 mikrako hondarra uzten du zeramikaren gainean, eta IPCEren azterketan aipatzen diren metal modernoen arrastoak 20 mikra baino gutxiagokoak dira.

Bihar, asteazkenarekin, aldeek behin betiko ondorioak aurkeztuko dituzte, eta epaiaren zain geldituko da epaiketa.