Itxi

kultura

Epaiketa

Fiskaltzak 5 urte eta erdiko kartzela eskaera berretsi du Eliseo Gilentzat

Agentziak | Erredakzioa

Halaber, 102.600 euroko kalte-ordaina eskatu du Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoaren zuzendari ohiarentzat, kaltetutako zeramikazko piezengatik, erantzukizun zibila leporatuta.

  • Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoaren zuzendari ohia.

    Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoaren zuzendari ohia. Artxiboko argazkia: EFE

Fiskaltzak 5 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigor eskaera berretsi du Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoaren zuzendari ohiarentzat, erromatar grafito batzuk faltsutzea leporatuta.

Ministerio Publikoak behin betikotzat jo du bere akusazio-idatzia, Gasteizko Zigor arloko 1 zenbakiko Epaitegian auzi horrengatik egiten ari den epaiketan, baina aldaketa bat egin du hasierako eskaeran, omisio delitua gehituz, horrek Gilentzat hasieran egindako kartzela-zigor eskaeraren urte kopuruari eragiten ez dion arren.

Ruben Cerdan auzipetuarentzat, berriz, 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, iruzur delitu jarraitua eta agiri pribatuak faltsutzea egotzita.

Fiskaltzaren ustez, ondare historikoaren gaineko delitu jarraitu baten eta iruzur delitu baten egilea da aztarnategi horretako zuzendari ohia. Gainera, piezak faltsuak zirela jakin eta hori saihesteko ezer ez egiteagatik ere zigortu dezakete, Ministerio Publikoaren arabera.

Fiskaltzak faltsutzat jotzen dituen grafito horien erantzulea Gil dela frogatu ezin bada ere, omisio delitua gehituta, faltsutzea ez ekiditearen erantzule egin dezakete Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohia, eta, ondorioz, faltsutzeagatik zigortu. 2006ko ekainean, erromatar grafitoak jendaurrean aurkeztu zituztenean historikotzat jo zituzten, besteak beste, kristautasunaren hasiera eta euskararen agerpena III. mendera aurreratuko litzatekeela esanez.

Halaber, eta ondarearen gaineko delitu jarraituari lotuta, agiri ofizial edo pribatua faltsutu izana aintzat hartzeko eskatu du Fiskaltzak. 7.200 euroko kalte-ordaina eskatu du delitu horrengatik.

Erantzukizun zibilagatik ordaindu beharreko isunean ere aldaketak egin ditu Ministerio Publikoak. Izan ere, hasieran baino pieza gutxiago hartu ditu kontuan, eta isuna eskatu du Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak 291 pieza faltsutzat jo zituelako; hasieran, 476 pieza jo zituzten kaltetutzat. Zeramikazko 171 piezengatik eskatu dituzte kalte-ordainak; pieza bakoitzeko 600 euro.

Guztira, 102.600 euroko kalte-ordaina eskatu du Fiskaltzak kaltetutako zeramikazko piezengatik (hasieran 285.000 euro eskatzen zituen), eta zeramikazkoak ez diren gainerako piezetan ustez egindako kalteengatik ordaindu beharrekoa epaian bertan zehazteko eskatu dio epaileari.

Arabako Foru Aldundiak, aztarnategi horren jabeak eta akusazio partikularrak bat egin dute Fiskaltzaren behin betiko idazkiarekin, eta bi auzipetuen abokatuek, berriz, absoluzioa eskatu dute.