Itxi

kultura

Koronabirusa

Euskal liburuaren sektoreak laguntzak eskatu ditu krisiaren aurrean irauteko

Agentziak | Erredakzioa

Egile, inprenta, argitaletxe, banatzaile eta liburu dendek 50 milioi eurora irits litezkeen galerak aurreikusten dituzte "berez depreziatuta zeuden" salmentetan.

  • Jakintza liburu denda

    Galerak 50 milioi eurokoak ere izan litezke, editoreen esanetan

Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Liburu Ganbarak laguntzak eskatu dituzte krisi honen aurrean, hala nola zerga laguntzak, sektoreko enpresentzako kreditu lerroak, liburu-bonu bat sortzea eta Eusko Jaurlaritzak irakurketa sustatzeko kanpaina bat egitea.

Ohar batean azaldu dutenez, 2008ko krisialdian, inpaktu negatibo handi bat izan zuen sektoreak; fakturazioa % 35 inguru jaitsi zen, sektorea ez da oraindik suspertu eta covid-19ak aurten sortu duen krisiak eta ondoren sorturiko alarma egoerak galera gehiago ekarriko dizkiote liburuaren balio kate osoari (egileak, inprentak, argitaletxeak, banatzaileak eta liburu dendak), idatziaren arabera.

Liburugileen lehen kalkuluen arabera, % 25koa izan da “berez depreziatua zegoen azken urteko” salmenten gaineko murrizketa. Zenbakietara ekarrita, 32 milioi euroko galerak izango lirateke Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 50 milioi baino gehiago, konfinamendua luzatuz gero.

Egoera horren aurrean, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Liburu Ganbarak Eusko Jaurlaritzari helarazi diote egoera honen ondorio negatiboak arintzeko laguntzak “presa handikoak” direla eta “denboran luzatzeak ondorio katastrofikoak izango lituzke sektorean”.

Editoreen hitzetan, “herri honen kultura etorkizuna dago jokoan, euskarari dagokionez batez ere. Jarraituko dugu agian Basque Country izaten, baina euskara hutseko murgilketa ezin pobreagoa izango da”.

Neurriak

Sektoreko enpresek babes neurriak hartzeko eskatu dute, martxan jarraitzeko moduan izango direla bermatzeko, hala nola liburuaren balio kateko enpresek eta autonomoek Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioa osasun egoeraren ondoriozko neurri murriztaileek irauten duten bitartean eta enplegu erregulazioko espedienteei heltzeko erraztasunak.

Gainera, krisi ekonomiko larriaren baita liburuaren sektorerako 2,5 milioi eurorainoko kreditu lerroa irekitzea eskatu dute, Eusko Jaurlaritzaren abalekin, interesik gabe,liburu denda, banatzaile eta argitaletxeentzat.   

Halaber, liburuaren EAEko sektoreak neurri pizgarriak ere skatu ditu: % 25eko igoera literatura-argitalpenetarako laguntzetan, bai gaztelaniaz bai euskarazko argitalpenetan; euskarazko hezkuntza liburuak sortzeko EIMA laguntzen funtsak % 25 handitzea; liburu-bonu bat sortzea, milioi 1 euroko funtsarekin, alarma egoera altxatzen den unetik aurrera; eta irakurketaren publizitate kanpaina bat egitea.

Azkenik, Hezkuntza Sailak eskola liburutegietarako erosketa plan bat bultzatzea eta familiei testuliburuak erosteagatik zergak arintzea ere eskatu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.