Itxi

kultura

Koronabirusa

Kulturgintzako hainbat profesionalek greba digitalarekin bat egiteko deia egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bi egunetan ez dute eduki kulturalik zabalduko Interneten. Koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurriak eskatu dizkiete agintariei, eta kulturaren balioaz hausnarketa egiteko, herritarrei.

  • Mikrofono bat, agertoki hutsean

    Bi eguneko iraupena izango du grebak. Argazkia: Pixabay.

Euskal Herriko kulturgintzako ia 1.000 profesionalek egin dute bat apirilaren 21 eta 22rako sektorean deitu duten greba digitalarekin.

Alarma egoera dela eta, aurreikusitako jarduera eta ekimen kultura guztiak bertan behera geratu dira, eta, ondorioz, oso kezkatuta daude.

Bi egun horietan Internet bidez eduki kulturalik ez zabaltzeko deia egin dute, agintariei koronabirusaren krisiari aurre egiteko premiazko neurriak eskatu dizkiete, eta gizarteari, oro har, kulturaren balioaz eta ereduaz hausnarketa egiteko galdegin diete.

Adierazpen bateratu batean, sektoreak bizi duen prekarietatea eta lan-baldintza txarrak salatu dituzte, eta erakunde publiko guztiei premiazko neurriak berehala hartzeko exijitu diete.

Halaber, ahal denean mahai sektorial bat deitzeko eskatu dute, kultura arloko eragile, elkarte, enpresa eta bitartekari instituzionalekin batera pandemiak sektore horretan izango duen eragin ekonomikoa aztertzeko.

Premiazko neurriez gain, sektorearen beharrizan nagusiei erantzuteko epe labur eta luzerako proposamenak lantzeko eskatu diete erakunde publikoei.  

"Ikus gaitzazuen, desagertu egingo gara; eta entzun gaitzazuen, isilduko gara", azpimarratu dute komunikatuan.

"Motel, berandu eta gaizki"

Grebaren sustatzaileek uste dute Eusko Jaurlaritzak kolektiboari eman nahi dion laguntza "motel, berandu eta gaizki" iritsi dela, eta iragarritako 2,5 milioi euroak "erridikulua eta gutxiegi" direla, kultur jarduerak zenbati eragingo dion kontuan izanda.

Eneko Olasagasti aktore eta ekimenaren sustatzaileetako batek Europa Pressi azaldu dionez, sektorean laguntza eskatzen ari direnen kopuruak "aurreikuspen ekonomikoa gainditzen du nabarmen", eta gainera, "ez dira ekarpen berriak ere, baizik eta Lanbideko partida bat horretara bideratua, hau da, beste leku batetik kentzen dute hor jartzeko, ez da partida berri bat".

Olasagastik "premiazko neurriak" eskatu dizkio Jaurlaritzari, eta "egoerari erantzuteko", zeren "lehendik ere sektorea prekarioa bazen, hortik beherako egoeran daude orain, pobrezian eta miserian dago jende asko, sektore kulturala eta profesionalak, eta txirotasun sozialaren zakuan sartuko diren herritarrak dira".

Interneteko edukiak ez kontsumitzeko egindako deiak izan duen jarraipenaz galdetuta, Olasagastik aitortu du zaila dela zenbatzea, baina atxikimendu kopurua "oso esanguratsua" dela azpimarratu du.

Bere ustez, "jarduera eteten duen benetako greba bat baino gehiago, deialdi hau arreta deitzeko da, etorkizunerako oinarriak jartzeko, eta ondorioak ateratzeko; izan ere, espero dugu ondorio positiboen artean mahai tekniko bat osatzea kultura adarretatik heltzeko eta euskal gizarteak kulturarekiko duen sentsibilitatea neurtzeko".

Herritarrei "kulturaren balioaz eta egunerokoan duen garrantziaz nahiz sortzaileek bizi dituzten lan-baldintza okerrez" gogoeta egiteko gonbita egin diete.

"Itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabaltzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan. Zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak…, gehien-gehienak debalde. Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen, eta, oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu", adierazi dute.

Eta gogoetarako hainbat galdera egin dituzte: "Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe? Itxialdia amaitzerakoan zer gertatuko da? Nola berrantolatuko dugu gure kulturgintza?".

Horregatik, bi egunez, apirilaren 21ean eta 22an, desagertu egingo dira: "Oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneko edo grabatutako emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen".

Dagoeneko, 800 baino gehiago dira greba digitalarekin bat egin duten kultura arloko eragileak, sortzaileak eta profesionalak. Besteak beste, ondoko hauek:  Agerre Teatroa, Ana Pimenta, Anari, Edorta Jimenez, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Gatibu, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Gotzon Barandiaran, Hasier Oleaga, Hortzmuga, Iker Lauroba, Iñaki Salvador, Jasone Osoro, Jon Maia, Joseba Irazoki, Josu Zabala (Hertzainak), Klara Badiola, Mikel Markez, Mikel Martinez, Mikel Urdangarin, Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Oskorri, Pabellon 6, Petti, Rafa Rueda, Ramon Agirre, Ramón Barea, Ruper Ordorika, Ttanttaka edota Xabi Solano (Esne Beltza).