kultura
Argazkilaritza
Argazki ibilbideak, Getxophotora gerturatzeko
Erredakzioa
Jendeak parte hartzea bultzatuko du gaur hasten den argazki jaialdiak, hainbat ekimeni esker.
-
Getxophoton ikusi ahal izango den 'Super Mamika' argazkia. Argazkia: Sacha Golberger.
Areetako Andres Isasi musika eskolako antzokian egingo duten ekitaldiarekin hasiko da Getxophoto jaialdiaren edizio berria. Bost urtetan ikusi ahal izan diren irudiak erakutsiko dituzte hainbat sortzaile partaidetzarekin. Ekitaldian, Michael Ackermanen irudiak musikatuko ditu Mursegok, zuzenean.
'Zaharrei gorazarre' izango da aurtengo zutabe nagusia. Horretarako, bizi-epe unibertsal honen alde batzuk erakutsiko dituzte Getxoko hainbat gunetan, erakusketetan.
Urtero bezala bisitarien partaidetza ere bultzatuko du jaialdiak. Horretarako_ erakusketak, solasaldiak, tailerrak eta ekimen bereziak egingo dituzte.
Irailaren 2an, Andrés Reymondesek, Vice aldizkariko sormen zuzendariak, eta Arianna Rinaldok, OjodePez aldizkariko zuzendariak, euren agerkariak aurkeztuko dituzte. Ondoren, Frank Kalero Getxophotoko komisarioak gidatuta, gaur egungo argazki-argitalpenen edizioaz hitz egingo dute.
Egun horretan bertan, argazkilari profesionalen estudioetan zehar ibiliko dira Photowalk ekimenari esker. Antonio Herranzen, Fatima Diezen eta Juan Gomezen estudioak bisitatuko dituzte.
Arianna Rinaldok edizio grafikoari buruzko tailerra eskainiko du irailaren 2an eta 3an. 75 euro ordaindu behar dira bertan parte hartzeko eta lantegian alde praktikoa era landuko da: portfolio-ak aztertu, sekuentziak azalduko ditu eta parte-hartzaileen lanek osatutako ale faltsu bat osatuko da.
Herri partaidetza Pop Proiekzioak-ek gauzatuko du 1/100 ekimenari esker. Horretarako, edonork bidali ditzakeen argazkiek osatutako erakusketa egingo dute.