Itxi

kultura

Nazioarteko jaialdia

hóPLAY: bideojokoekin hitzordua, Bilbon

Erredakzioa

Irailaren 18ra arte, bideojoko onenak sarituko dituzte, eta, estreinakoz, 'Star Wars Kinect', 'Forza 4' eta 'Kinect Disneyland Adventure' titulu berriekin jokatzeko aukera egongo da

01:58
'Mp3 esperimentua': Flashmob berezia, Bilboko Alondegian
Irailaren 2tik 18ra bitartean, bideojokoak izango dira protagonistak Bilbon, Bilboko Alondegian egingo duten hóPLAY nazioarteko jaialdian.

Jardunaldi horietan, hainbat bideojoko sarituko dituzte, grafikoak, soinua eta jokatzen eskaintzen dituen aukerak kontuan izanda. Era berean, euskal bideojoko onenaren saria ere banatuko dute. Guztira 25 lan sarituko dituzte, aurten aurkeztutako 46 lanen artean aukeratutakoak (Italia, Suedia, India, Argentina eta Kolonbiatik iritsi dira horietako batzuk).

Ostiral honetan egin dute jaialdiaren aurkezpena Bilbon, eta bertan izan dira Iñigo Cabo Bilboko Alondegiko programazio arduraduna, Mikel Astorkiza Euskaltel Fundazioko arduraduna, Gorka Martinez BBK Fundazioko arduraduna eta Edurne Ormazabal eitb.com webguneko zuzendaria.

Bideojoko onenak saritzeaz gain, hainbat ekitaldi eskainiko ditu aurtengo edizioak: familiarentzako tailerrak, profesionalekin topaketak, hitzaldiak eta merkatuan salgai dauden azken jokoen inguruko erakusketa.

Gainera, Wii, PlayStation 3, Nintendo 3DS eta Xbox 360 kontsoletako jokoekin aritzeko aukera egongo da, eta, estreinakoz eta esklusiban, 'Star Wars Kinect', 'Forza 4', 'Kinect DisneyLand Adventure', 'Kinectimals: Ahora con osos', 'Kinect Sports Season 2' eta 'Dance Central 2' bideojokoak frogatzeko aukera eskainiko dute (hauetako batzuk datorren urtean jarriko dituzte salgai).

''Horrelako ekimenek abangoardian kokatzen dute Bilbo, ikus-entzunezko munduak eskaintzen dituen bide eta espresio modu berrietan'', esan du Edurne Ormazabalek.

Performance
Jaialdia 'MP3 esperimentua' performance-arekin irekiko dute. Parte hartu nahi dutenek mp3 artxiboa jaitsi beharko dute Facebook bidez, baina ezin izango dute entzun larunbata arte, 17:00ak arte, eta Bilboko Alondegian direla. Orduan artxiboak emandako aginduei jarraitu beharko diete, performance-ari ekiteko.