Itxi

kultura

Batzarra

Eraikinean eta kultur proiektuan lanean jarraituko dute Tabakaleran

Erredakzioa

Administrazio Kontseiluak mahai gainean zuten esleipen prozesua ez etetea adostu du. Zuzendari berriaren izendapena atzeratu egingo da.

Tabakalerako Administrazio Kontseiluak kalitate kontrolaren eta proiektuaren lan zibilaren esleipenak ekiten jarraitzea erabaki du. Horrela, etorkizunean Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izango dena berritzeko lanak egiten jarraitu ahal izango dute.

Administrazio Kontseilu berriak egin duen bigarren batzarrean hartu dute erabaki hori. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak osatzen dute Kontseilua, eta kide berriei proiektua ''sakontasunean'' ezagutu ahal izateko denbora ematea adostu zuten joan den uztailaren 13an.

Tabakalerak ohar batean jakitera eman duenez, tabako fabrika zaharra berritzeko lanak eta zentro berrirako diseinatutako proiektu kulturala egiten jarraitzea adostu dute asteazken honetan, batzar batean.

''Krisi ekonomiko honetan bai eraikinean egin beharreko lanak baita proiektu kulturalaren garapena jasangarriak izan daitezen'', Kontseiluko kideek lanean jarraituko dutela ere azpimarratu dute idatzi horretan.

Hori dela-eta, zuzendari berriaren izendapena atzeratzea erabaki dute, ohar horretan azaltzen dutenez. 2010eko maiatzetik dago kargua hutsik, orduko Kontseiluak proiektua ''birdimentsionatzeko'' erabakia hartu zuenean Joxean Muñoz lehengo zuzendariak dimisioa eman zuenetik.