kultura
KORONABIRUSA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.645.000 euroko laguntza sorta jarri du abian
EITB.EUS
Enpresei zuzendutako dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko da abian, 2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta bost laguntza-lerro 645.000 euroko aurrekontuarekin.
-
Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Irudia: Irekia
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.645.000 euroko laguntza sorta bat aurkeztu du kultura-sektoreari laguntzeko COVID-19ak sortutako alarma-egoeraren eta bizi izan den osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean.
Laguntza multzo horrek bi ardatz ditu. Batetik, Eusko Jaurlaritzak kultura-sektoreko enpresentzat dirulaguntza jasotzeko deialdi berri bat jarriko du abian hurrengo egunetan, enpresen gastu finkoak edo egiturazkoak arintzen laguntzeko, 2 milioi euroko aurrekontuarekin.
Bestetik, Sailak bost laguntza-lerro jarriko ditu martxan, guztira 645.000 euroko aurrekontua dutenak, bost arlotan eragiteko: liburugintza, ilustrazioa, zinema-ekoizpena, arte plastikoen sorkuntza eta musika-ondarearen katalogazioa-digitalizazioa.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu ditu laguntza sorta horien xehetasunak, Joxean Muñoz Kulturako sailburuordearekin eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera. Ekitaldian, Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria ere izan dira. Sailburuak azaldu duenez, kulturaren arloa "kaltetuenetako bat izan da COVID-19aren hedapena gelditzeko hartutako neurrien ondorioz".
"Pertsonen artean pandemiak sortu duen oinazeaz gain, alarma-egoera eta pandemia gelditzeko hartutako neurriak ondorio nabarmenak izaten ari dira, gizarte mailakoak zein ekonomikoak. Ondorio horiek bereziki nabarmenak dira sektore batzuetan, eta kultura da, hain zuzen, horietako bat. Gaur aurkeztuko ditugun neurrien helburua da, lehenik, ondorio horiek arintzea, kultura-arloko enpresei haien gastu arruntari aurre egiten lagunduz. Halaber, aurrerapauso bat gehiago eman nahi dugu sormen-jarduera bultzatuz eta kultura-arloko enpresen jarduera babestuz”, adierazi du Zupiriak.