Itxi

kultura

Udako programazioa

48 kultur emanaldi prestatu dituzte Gasteizen uda honetarako

eitb.eus

Kaleko antzerkiaz, dantzaz, kontzertuetaz, magiaz, antzerkiaz, bertso saioez, bakarrizketez, zirkuaz, aire zabaleko zinemaz eta pintura lehiaketa batez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

  • Salburuako letrak

    Salburua izango da kultur jarduerak gauzatuko diren lekuetako bat. Irudia: EITB

Gasteizko Udalak 2020ko udako kultur programazioa aurkeztu du, uztailaren 14tik irailaren 4ra. "Normaltasun berriaren" barruan, Gasteizko kultura suspertzeko sortutako ekimen berri bat.

"Gure helburu nagusia tokian tokiko kultura babestea da, berriz ere kaleetara ateratzea, eta, azken batean, zuzeneko ikuskizunaren ilusioa berreskuratzea. Horretarako, Kultura Zerbitzutik, tokiko konpainia eta taldeetan soilik oinarritutako programazioa antolatu dugu, bai Gasteizkoa eta bai Arabakoa", adierazi du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. "Joan den ekainaren 16an egindako Kultura Elkargunean proposamen interesgarriak jaso genituen, eta horietako asko uda honetan babestu nahi izan ditugu", gaineratu du.

Herriko konpainiak eta taldeak izango dira, beraz, aire zabaleko kultur programazioko protagonistak; uztailaren 14tik irailaren 4ra bitartean izango dira, asteartetik ostiralera, arratsaldez. Kaleko antzerkiaz, dantzaz, kontzertuetaz, magiaz, antzerkiaz, bertso saioez, bakarrizketez, zirkuaz, aire zabaleko zinemaz eta pintura lehiaketa batez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira, barruti mugatuetan, edukiera mugatuarekin. Jarduerak hiriko hainbat lekutara iritsiko dira, hala nola, Arriaga Parkera, Aranbizkarra Parkera, Zulueta Jauregiko lorategietara, Hegoalde eta Zabalgana Gizarte Etxearen kanpoaldera, Neveretara, Salburua auzora ('Gabriela Mistral' kirol-gunea) eta mintegira.

Uda honetan, Gasteizek aire zabaleko zinema emanaldiak izango ditu hiriko hainbat tokitan. 'Detective pikatxu' saioa uztailaren 31n hasiko da, Santa Maria Katedraleko plazan, eta abuztuaren 29an, larunbata, amaituko da, 'Padre no hay más que uno' filmaren proiekzioarekin, espazio berean. Zikloak 'La pequeña Suiza','Aladdín','Vitoria, 3 de marzo','Chicos buenos' eta 'Los Goonies' izenburuak izango dira. Play Gasteizekin elkarlanean antolatutako zikloa.

Eta uztailaren 18an ospatuko da Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren XIV. edizioa. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 6tik 16ra bitartean (biak barne) formalizatu ahal izango dute eskabidea, udalaren webgunearen eta 010 telefonoaren bidez (945 161100 Gasteiztik kanpo) eta lehiaketaren egunean bertan, gehienez 55 parte-hartzaile izan arte.

Aurten aukeratutako gaia 'Hirigintza XXI. mendean: Salburua auzoa' izango da, azken urteetan hiriaren ekialderantz gauzatu den hedapen urbanistikoa erakutsiko duena. Larunbat goizean gasteiztarrek lehiaketan parte hartzen ari diren artistak egite dituzten lanak ikusi ahal izango dituzte Salburua auzoan.

Oro har, hainbat kultur generotako proposamenek osatuko dute programazioa:

-Artes Eszenikoak, Zanguango, El Mono Habitado, Pez Limbo, Zurrunka, Kolectivo Monstrenko, Gag Street Boys, Panta Rhei…
-Zirkua, Sarini Zirko, Hutsun + Ortzi, Bapatean…
-Dantza, Larrua, Doos Colectivo…
-Magia, Sun Magoa, D’Albeniz Magoa, Asier Kidam…
-Bakarrizketak, Gorka Aginagalde, Belén Nevado, Kike Loiola, Jose Cruz Gurrutxaga, Josune Vélez de Mendizabal + Ane Gebara…
-2 bertso-saio, Arabako Bertsozale Elkartea
-Musika, Mice, Izaki Gardenak, Moni Garage, Shiny Red Mood, Aldakan Beltz, Raul Romo, Moonshine Wagon, Los Misterios, Turukutupá…

Izaki Gardenak taldea

Banda itzuliko da

Gainera, Uraren Lorategi sekretuan Gasteizko Udal Musika Bandaren 7 kontzertu antolatuko dira uztailaren 10etik 24ra eta irailaren 4tik 25era. Gasteizko publikoarekin egindako topaketan, Udal bandak, Luis Urduña eta Iker Olazabalek zuzenduta, 'Música de Km.0', 'Héroes y villanos', 'Música Latina', 'Personajes históricos' edo 'una aventura espacial' emanaldiak eskainiko ditu.

Kultura segurua

Kultura Sailak protokolo bat ezarri du programatutako ikuskizun bakoitzean segurtasuna bermatzeko eta indarrean dagoen araudia betetzeko:

- Ikuskizun guztiak aire zabalean egingo dira, barruti mugatuetan, edukiera mugatuarekin eta sarrera-irteera kontrolekin, era berean, plazak erreserbatu beharko dira.
- Ezin izango da zutik egon, eta, horretarako, aulkiak jarriko dira, metro eta erdiko tartea utzita. Aulkiak desinfektatu egingo dira pase bakoitzaren aurretik eta ostean.
- Sarbidea eta egokitzapena errazteko, behar besteko denboraz joan beharko da. Ikuskizuna hasi baino 30 minutu lehenagotik egongo da baimenduta sarrera.
- Sarrerako eta irteerako ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko. Antolakuntzak ikusle bakoitzari dagokion eserlekua adieraziko dio, iritsitako ordenaren arabera.
- Nahitaezkoa da 6 urtetik aurrerakoentzat maskara erabiltzea, sartzeko eta irteteko. Esertzerakoan soilik kemdu ahal izango da. Ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du.
- Ikuskizunak irauten duen bitartean eserlekuetan eserita egon beharko dira. Ikuskizuna irauten duen bitartean barrutitik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro sartu.
- Haurrak ezin izango dira zutik egon, ezta esparruan zehar mugitu ere.
- Familia edo tutoreen ardura da adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzea. Betetzen ez badituzte, esparrutik alde egin beharko dute.
-Erretzea debekatuta dago
-Animaliak ezin dira barrutian sartu
- Kanporatzea mailaz maila egingo da, erakundearen jarraibideei jarraituz.
- Plaza erreserbatzeko unean, arauak irakurri egin dituela adieraziko dute ikusleek eta ezarritako protokoloarekin bat datozela onartuko dute.

Plazen erreserba ikuskizunaren egunean bertan egingo da, 09:00etatik aurrera, udalaren webgunearen bidez edo telefonoz (laster gaituko da). Ikuskizun eta pase bakarrerako izango da erreserba, eta pertsona bakoitzak gehienez bi plaza erreserbatu ahal izango ditu.

Kontzertu-aretoak

Bestalde, Gasteizko Udalak kontzertu-aretoekin batera lan egingo du, hala nola, Dazzekin; izan ere, Vital Kulturunea Fundazioak 5 jazz emanaldi eskainiko ditu uztailaren 10etik 14ra bitartean. Raynald Colom Trio (hilaren hamabian), Roman Filiu Trio (hilaren hamaikan), The Cuban Jazz Syndicate Feat. Pepe Rivero (hilaren 12an), Felix Rossy & Toni Saigi (hilaren 13an) eta Pacheco & Seppere & Regidor (hilaren 14an). Guztiak 20:00etan izango dira.

Horrez gain, Urban Rock Concept aretoan uztailaren 18tik irailaren 15era  8 kontzertu antolatu ditu. Uztailaren 18an irekiko du egitaraua Joaquin Sabinari Tributo bat, Sabin Jobertina eta Viceversaren eskutik, gaua Mairuren rockarekin partekatuko dutena. Abuztuaren 1ean Red Iron Squaden txanda izango da eta 29an Bonustrackena.

Eta irailean, 5 izango dira rock zaleen gozamenerako hitzorduak. Matt Woods hilaren 1ean, Amann & The Waywards Sons hilaren 5ean, Demian Band hilaren 10ean, Lobo eta Carmine hilaren 11n eta Rober J. Hunter hilaren 15ean.

Hell Doradori dagokionez, areto horrek saio bikoitzetan eskainiko ditu kontzertuak, lehenengoan (edo sesion Vermut) 13:00etan eta bigarrenean 18:30ean. Irailaren 5etik 20ra MFC Chickenen (5ean), Fiatelesen (12an) eta Victimas Cluben (20an) kontzertuak.

Ekitaldi horietara sartzeko, areto bakoitzaren ohiko salmenta-kanalera joan beharko da eta dagozkion sarrerak erosi.